Gizonek 24.000 euro jasoko dituzte Kontxako Bandera irabazteagatik; emakumeek, ordea, kopuru horren erdia. Tartea handia da oraindik, baina udalak emakumeei zuzendutako sariak handitzea erabaki du.
San Juanek irabazi zuen iaz Kontxako Emakumezkoen Bandera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Kirolean ere gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean, Donostiako Udalak beste pauso bat eman du. Emakumeen Kontxako Banderako sariak hobetzea erabaki dute arduradunek, oraindik gizonezkoen klubek jasotzen dituzten diru kopuruetatik urrun badaude ere. Keinu garrantzitsu bat da, etorkizunean etorri beharko liratekeen beste keinuen aurrekari.
Hain zuzen ere, 12.000 euro irabaziko ditu Emakumeen Kontxako Bandera eskuratzen duen traineru irabazleak; iaz baino 2.000 euro gehiago, hain justu. Gainontzeko hiru sailkatuek ere sari potoloagoak jasoko dituzte, aurreko urteekin alderatuz gero.
Gizonezkoen arteko talde txapeldunak 24.000 euro jasoko ditu. Horrenbestez, oraindik alde nabarmena dago bi mailen artean, baina tartea txikitu egin da erabakiarekin.
Bestalde, aurtengo estropadetan, ordezkarien bilera egiten dutenean ez da maila bereizketarik egongo. Bat egingo dute guztiek bilera berean, gizonezko zein emakumezkoen mailakoek.
Urtero legez, irailarekin batera iritsiko da Kontxako Bandera: Irailaren 3an sailkatze estropadak izango dira, eta irailaren 6an eta 13an banderaren lehen eta bigarren jardunaldiak jokatuko dituzte; iraileko lehen bi igandetan, alegia, ohi bezala.
Emakumeen Kontxako Bandera. 2015eko sariak:
- Lehen sailkatua: Kontxako Bandera, traineruko kide guztientzat erreprodukzio txiki bana eta 12.000 euro (2014an 10.000 izan ziren)
- Bigarren sailkatua: 8.000 euro (6.800 2014an) eta garaikurra.
- Hirugarren sailkatua: 6.000 euro (5.300 2014an) eta garaikurra.
- Laugarren sailkatua: 4.000 euro (3.700 2014an ) eta garaikurra.
Gizonezkoen Kontxako Bandera. 2015eko sariak:
- Lehen sailkatua: Kontxako Bandera, traineruko kide guztientzat erreprodukzio txiki bana eta 24.000 euro.
- Bigarren sailkatua: 15.000 euro.
- Hirugarren sailkatua: 12.000 euro.
- Laugarren sailkatua: 9.000 euro.
- Bosgarren sailkatua: 7.000 euro.
- Seigarren sailkatua: 6.000 euro.
- Zazpigarren sailkatua: 5.000 euro.
- Zortzigarren sailkatua: 5.000 euro.