Gizonezkoen talde nagusia KAE-1 Ligan lehiatuko da, ekainaren 20tik hasita, Xabier Zabala entrenatzailearen gidaritzapean .Taldeen aurkezpena kaiko arrapalan egin dute
Lehen taldeko arraunlariak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Guztia prest du Donostiarra arraun elkarteak aurtengo denboraldirako. Horren erakusle, klubeko talde guztien aurkezpena egin zuten joan den larunbatean, kaiko arrapalan, eta bertan izan zen IRUTXULOKO HITZA.
Gizonezkoen talde nagusia KAE-1 Ligan arituko da, Xabier Zabala entrenatzailearen eta Mikel Lersundi laguntzailearen esanetara; bigarren taldea, KAE-2 Ligan lehiatuko da, Gari Azkueren esanetara; eta emakumezkoen trainerua, berriz, Gipuzkoako Ligan arituko da, Patxi Olabe entrenatzaile duela, Ekain Iriarteren laguntzarekin. Helburu desberdinak ditu traineru bakoitzak, baina guztiek egingo dute arraunean hiriaren izenean.
Juan Karlos Izagirre jarduneko alkateak ireki zuen kaiko aurkezpena: «Niretzako hunkigarria da gaurkoa; duela lau urte alkatetza hartu nuenean, nire lehenengo ekitaldi ofiziala izan zen Donostiarraren aurkezpena, eta utzi aurretik, azkenetakoa izango da». Pozik agertu zen, gainera, emakumezkoen trainerua ere ikusi zuelako: «Hilabete askotan lan gogorra egin duzue, ikusten ez den lana, baina gero lan horrek bere emaitza izaten du, eta hemendik aurrera ikusiko dugu. Aurten, gainera, neskak ere baditugu, eta poztekoa da donostiar guztientzat».
Argi geratu zen, gainera, aurkezpenean ere Alberto Lopez Donostiarrako presidente berriaren ukitua. Hiriko arraun kluben arteko batasuna adierazi nahi izan zuen, eta laguntzaile, babesle eta zale guztiei eskerrak eman zizkien. Gainera, opari bana egin zieten Portaletas lagunarteari, euren etenik gabeko babesagatik, eta agurra dantzatu zieten Eskola taldeari, 75. urteurrena dutela eta. «Azken hitzak protagonista nagusiei eskaini nahi dizkiet, arraunlariei eta harrobiari. Ulertu behar duzue non zaudeten eta non ari zareten arraunean. Donostian zaudete, bertako kaian, eta hori gogoan izan behar duzue uretan sartzen zareten bakoitzean. Harro egon behar zarete, Donostian arraun egiteak zer suposatzen duen jakin behar duzue, eta guztion artean merezi duzuen mailan egongo zarete».
Hamalau jardunaldi
Lehen taldearen egutegiari dagokionez, Zabalak zuzendutako taldeak Zarautzen ekingo dio lehiari, ekainaren 20 eta 21ean. Gainontzeko estropadak hauek izango dira: ekainaren 28an, Elantxoben; uztailaren 4an, Santurtzin; uztailaren 11n, Donostian; uztailaren 18an, Pedreñan; uztailaren 19an, Orion; uztailaren 25ean, Zumaian; uztailaren 26an, Lekeition; abuztuaren 1 eta 2an, Getarian; abuztuaren 8an, Ondarroan; abuztuaren 15ean, Santoñan; eta abuztuaren 23an, Bilbon.
Donostiarra-Arraun Lagunak 50. urteurrena taldea da berritasuna
Emakumeen taldea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ez du lan makala hartu aurtengoan Patxi Olabek (Parte Zaharra, 1976). Hainbat urtez arraunlari eta entrenatzaile lanetan aritua da batean eta bestean, baina oraingoan hiriko emakumeen trainerua zuzentzeari ekin dio, Donostiarra-Arraun Lagunak 50. urteurrena izenarekin. Emakumezkoen trainerua aurtengo berritasun nagusiena da Donostiarran.
Taldeko ia arraunlari guztiak hasiberriak dira, baina horrek ez die ilusioa zapuztu, kontrakoa baizik. Gipuzkoako Ligan jardungo dute, eta Euskotren Ligarako sailkatze estropada ere jokatuko dute. «Klubean bagenituen arraunlari batzuk, baina azkenean taldea osatu dugu horiekin batera, arraunean ibilitako beste batzuekin, eta animatu diren neska hasiberriekin. Hasieran 27 neska etorri ziren, eta ezustekoa hartu genuen, baina momentu honetan 17 ditugu. Kirol gogorra da eta denek ezin izan dute jarraitu», azaldu du Olabek.
Gehienak berriak dira aulki finkoan: «Ainara Plazaola aritu zen aulki finkoan Arraun Lagunaken, eta traineruan ere ibili zen beste klub batean. Beste batzuk aulki mugikorrean ibilitakoak dira, eta bateletan zerbait. Gainontzeko guztiak berriak dira, batzuk beste kirol batzuetan ibilitakoak eta beste batzuk aurretik kirolik egin gabekoak».
Lehenengo urtea izango da; beraz, kirol mailan ezin dute espero trainerua goi mailan ibiliko denik: «Gutxienez, gustura ibiltzeko moduan egongo direla uste dugu. Hau ez da aurten bakarrik ibiliko den traineru bat. Datozen urteetan goraka egingo dugula ziur gaude».
Gogoz daude lehiarako: «Proba batzuk egin ditugu eta badakigu taldea nola dabilen. Batelekin eta trainerillekin estropada batzuetara joan gara, eta ikusi dugu esperientzia falta hori; estropada eguneko urduritasunak eragin die».