Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak 'Euskaraz bizi nahi dut' film laburren lehiaketa aurkeztu dute gaur.
Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu dute lehiaketa. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren 4. edizioa aurkeztu dute gaur. Aurten ere bi ataletan banatu dute lehiaketa, bata profesionalena eta bestea mateurrena. Donostia Zinemaldiko zuzendari
Jose Luis Rebordinosek eta Kontseiluko idazkari nagusi
Paul Bilbaok aurkeztu dute lehiaketa, eta adierazi dutenez, aurkeztutako lanik onenak
Donostia Zinemaldiaren 63. edizioan eskainiko dituzte, eta
5.000 eurotik gorako sariak jasoko dituzte.
Zinemazale eta ikus-entzunekoetan dabiltzanak ere euskaraz bizitzeko hautua egitera animatu ditu Bilbaok, Kontseiluaren mezua hedatu dezaten: “
Lehiaketaren helburu nagusia Euskaraz bizi nahi dut ideia hedatzea da, ideia hori ikus-entzunezkoen bidez kontatzea”. Kontseiluko idazkareiaren esanetan, lehiaketak euskararen erabilera hareagotzen lagundu dezake: “Geroz eta zinegile gehiagok ideia bere egin dezaten, bere lanetan ideia hori gara dezaten nahi dugu”.
Rebordinosek ere euskararen presentzia Donostia Zinemaldian indartzeko konpromisoa berretsi du; iaz euskara gehien erabili zen edizioa izan zen zuzendariaren esanetan, eta bide horretatik jarraituko dute: “Iaz Zinemaldian bertan ikusi genuen geroz eta film gehiago egiten direla euskaraz, eta horiek ikustera doazen ikusleak ere, geroz eta gehiago dira”. Dinamika hori sustatzen jarraituko dute Donostia Zinemaldiko arduradunek, eta pauso berriak emango dituzte horretarako:
“Oraindik lan asko dago egiteko; iaz sail ofizialean euskarazko bi film izan genituen, eta horietako bat erabat euskaraz egina gainera: Loreak. Beraz, zerbait mugitzen ari denaren seinale da hori”.
Sari oparoak eta epaimahai berezia
Helburu hori betetzeko, film labur lehiaketara aurkezten diren
lanek euskaraz bizitzeko nahiari buruz hitz egin behar dute Bilbaoren esanetan: “Konta dezatela zergatik egiten dugun hautu hori, nolako oztopoak izaten ditugun, sentitzen ditugun pozak, eraikitzen diren konplizitateak…”.
Horrela, aurtengo edizioaren oinarrietan berrikuntza garrantzitsuena laburren iraupena da: aurkezten diren
lanek ezingo dute 15 minutu baino gehiago iraun. Atalei dagokienez, iaz bezala, bi atal bereiziko dira,
profesionalena eta
amateurrena, eta egile bakoitzak erabakiko du bere lana(k) zein ataletara aurkeztu. Sariei dagokienez, guztira
5.000 euro baino gehiago banatuko dira, 3.500 euro profesionalen atalean eta 1.750 euro amateurren atalean, eta lanak aurkezteko
azken eguna abuztuaren 24a izango da.
Bestalde, film laburren lehiaketara aurkezten diren lan onenen proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia Donostia Zinemaldiko 63. edizioaren baitan egingo dira, irailean. Aurten epaimahai berezia osatu dute, izan ere Donostia Zinemaldiko zuzendaritza taldeko kide den
Maialen Belokik film labur onenak hautatuko dituen epai-mahaian parte hartuko du, eta baita
Loreak filmaren zuzendari
Jon Garañok ere, Zinemaldiko eta Kontseiluko ordezkariekin batera.
Lehiaketari buruzko
informazio guztia ondorengo atarian aurkitu daiteke.