Larratxon lau eguneko jai egitarauaz gozatuko dute
Ostegun arratsaldean murgilduko dira jaietan.
Lau eguneko jai egitarau oparoa osatu dute larratxotarrek. Ostegunean hasiko dira jaiak, haurrentzako txokolate jana eta Dantza kasting ikuskizunarekin (18:00). Josu Artetxe plazan bertan Larratxoko alkatea aukeratuko dute (18:30). Auzotarrak oholtza gainera igo eta euren trebetasuna erakutsi beharko dute. Ondoren, bandera igo eta jai hasierako traka piztuko dute. Erraldoi eta buruhandiak, txarangarekin batera auzoa zeharkatuko dute. Zezensuzkoa ere aterako da 20:30ean.
Ostiralean aiton-amonentzako toka, bola eta igela txapelketa egingo dute 11:00etan, eskolako jolastokian. Arratsaldean, 17:00etan, haurrentzako txokolate jana herrikoia egingo dute eta bizkotxoa jango dute Josu Artetxe plazan. Ikuskizun bat ere izango da haurrentzako: Skratx super anti heroia eta bere abentura dibertigarriak. Afaltzeko, sardinak eta saiheskia egingo dute, eta gosea ongi asetu ondoren, musikaz gozatzen hasiko dira. DJ Txingudik musika eta soinu ikuskizuna eskainiko du 23:00etan eta eskolako jolastokian rock jaialdi bat egingo dute. Pelax and Cowboys eta Rock Kam Broom taldeak ariko dira zuzenean. Gauerdian danbor hotsek hartuko dute Larratxo, danborrada herrikoia aterako baita kalera, Jatorrenak txarangarekin batera.
Larunbatean haur danborrada aterako da kalera, Txirrita plazatik hasita. Ondoren arte martzialen erakustaldi bat izango da Josu Artetxe plazan. Hainbat lehiaketa egingo dituzte, urteko pintxo pote onenarena, eta paella txapelketa. Gainera Juan Mari Arzak izango dute epaimahaikide. Txapelketa bukatzean, auzotar guztiek paella erraldoi bat dastatzeko aukera izango dute 14:30ean. Arratsaldean, auzoko taldeen emanaldi bat izango da, eta Aitor Osuna larratxotarrak bakarkako kontzertu bat emango da. Poteo herrikoia egingo dute 18:30ean, elektro txarangak lagunduta, eta gauean berriz ere musikaz betek dute auzoa. Desembragadores eta Skakeitan taldeak ariko dira zuzenean 23:00etan. Gauerdian dantzaldia egingo dute Josu Artetxe plazan, eta Iser Ramos-ek bakarrizketa saio bat eskainiko du Bertsolari Elkarteko terrazan.
Igandean, pistola laser bataila, haurrentzako xake txapelketa, jolasak… Haurrentzako ekitaldiz betetako goiza prestatu dute. Herri kirolen erakustaldiak (11:00) ikusmin handia piztuko du, Inaxio Perurenak 270 kiloko harria altxatuko du, eta Eneko Saralegik bost metroko enborra moztuko du. Sagardoarekin bustiko dituzte eztarriak eguerdian, sagardo eguna hasiko baita 11:30ean. Eguerditik aurrera auto zaharrak ikusteko aukera izango dute auzotarrek. Auzoan zehar bueltak emango dituzte, eta 13:00etatik aurrera eskolako jolastokian aparkatuko dituzte.
Eguerdian zikiro jana izango da 14:00etan, Iñaki Revueltak eta Jesus Etxebestek alaituta. Arratsaldean, 17:30ean, Zirkoa Tiritantes konpainiak Patas arriba emanaldia eskainiko du eskolako jolastokian. Amarako dultzaina jotzaileekin batera erraldoi eta buruhandiak aterako dira kalera. Ondoren, 19:30ean, jotak entzuteko aukera izango da, Lizarrako Acordes Navarros taldearekin. Julene Gomez auzoko abeslariak ere parte hartuko du. Gauean amaituko dira jaiak, 21:30ean, azken trakarekin. Astelehenean, ferianteei esker, barraketako prezioak merkeagoak izango dira eskolako jolastokian.
Sagardo eguna, auto zaharren erakustaldia, rock jaialdia, haurrentzako jolasak, Inaxio Perurena eta Eneko Saralegiren erakustaldia, Skakeitan taldearen kontzertua…