Abian da 'Euskaraz bizi nahi dut' film laburren aurtengo lehiaketa
Lanik onenak Donostia Zinemaldian proiektatuko dituzte, irailean; guztira, 5.000 euro baino gehiago banatuko dituzte profesional eta amateur atalen artean.
Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren 4. ekitaldiaren xehetasunak eman dituzte aditzera. Aurten ere bi ataletan banatu dute lehiaketa, bata profesionalena eta bestea amateurrena. Aurkeztutako lanik onenak Donostia Zinemaldiaren 63. ekitaldian eskainiko dituzte, eta 5.000 eurotik gorako sariak banatuko dituzte. Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu zuten lehiaketa, joan den ostiralean.
Zinemazale eta ikus-entzunezkoetan dabiltzanak ere euskaraz bizitzeko hautua egitera animatu ditu Bilbaok, Kontseiluaren mezua hedatu dezaten: “Lehiaketaren helburu nagusia Euskaraz bizi nahi dut ideia hedatzea da, ideia hori ikus-entzunezkoen bidez kontatzea”. Kontseiluko idazkariaren esanetan, lehiaketak euskararen erabilera areagotzen lagundu dezake: “Geroz eta zinegile gehiagok ideia bere egin dezaten, bere lanetan ideia hori gara dezaten nahi dugu”.
Rebordinosek ere euskararen presentzia Donostia Zinemaldian indartzeko konpromisoa berretsi du; iaz euskara gehien erabili zen ekitaldia izan zen, zuzendariaren esanetan, eta bide horretatik jarraituko dute: “Iaz Zinemaldian bertan ikusi genuen geroz eta film gehiago egiten direla euskaraz, eta horiek ikustera doazen ikusleak ere, geroz eta gehiago dira”.
Dinamika hori sustatzen jarraituko dute Donostia Zinemaldiko arduradunek, eta pauso berriak emango dituzte horretarako: “Oraindik lan asko dago egiteko; iaz Sail Ofizialean euskarazko bi film izan genituen, eta horietako bat erabat euskaraz egina gainera: Loreak. Beraz, zerbait mugitzen ari denaren seinale da hori”.