Udako jaien sasoiak ez du etenik izango asteburu honetatik aurrera. Herreran eta Antiguan ere izango dute zer gozatu,datorren asteko txupinari itxaron beharrik gabe.
Urtero bezala, Paella Txapelketa jokatuko dute larunbatean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Morlansen eta Bidebietan ekin zioten festen sasoiari, maiatzaren bukaeran. Orain, ekainaren etorrerarekin,festa giroa nonahi izango da,etenik gabe. Larratxon jaietan murgilduta daude atzoz geroztik, eta Herreran eta Antiguan datorren asteburuan etorriko denaren aurrerapen bat besterik ez dute izango egunotan. Izan ere, bi auzo hauetako jaien egun handiak San Joan eta San Luis izango dira, ekainaren 21 eta 23aren bueltan.
Danborrada, gauerdian
Larratxon abian dira jaiak, eta astelehena arte iraungo dute. Gaur aiton-amonentzako toka, bola eta igela txapelketa egingo dute 11:00etan, eskolako jolastokian. Arratsaldean, 17:00etan, haurrentzako txokolate jana he-
rrikoia egingo dute, Josu Artetxe plazan. Ikuskizun bat, musika eta sardina jatea izango dira aukeran ondoren, baina gauerdian etorriko da unerik hunkigarriena: danbor hotsek hartuko dute Larratxo, danborrada herrikoia aterako baita kalera.
Bihar haur danborrada aterako da kalera,Txirrita plazatik hasita. Hainbat lehiaketa egingo dituzte ondoren: urteko pintxo pote onenarena, eta paella txapelketarena, besteak beste. Gainera, Juan Mari Arzak izango dute epaimahaikide. Txapelketa bukatzean, auzotar guztiek paella erraldoi bat dastatzeko aukera izango dute, 14:30ean. Arratsaldean eta gauean poteoa eta musika etorriko dira, zenbait kontzertu eta dantzaldirekin.
Igandean, pistola laser borroka, haurrentzako xake txapelketa, jolasak… Gaztetxoentzako ekitaldiz betetako goiza prestatu dute. Herri kirolen erakustaldiak ikusmin handia piztuko du, 11:00etan; Inaxio Perurena 270 kiloko harria altxatzen saiatuko da, eta Eneko Saralegi bost metroko enborra mozten. Sagardoarekin bustiko dituzte eztarriak, Sagardo Eguna hasiko baita 11:30ean. Eguerditik aurrera auto zaharrak ikusteko aukera izango dute auzotarrek, eta zikiro jana izango dute, 14:00etan. Gauean amaituko dira jaiak, 21:30ean, azken trakarekin. Astelehenean, ferianteei esker, barraketako prezioak merkeagoak izango dira eskolako jolastokian.
Bikingo kaskoak jantzita
Herreran, Luisito eta Luisitaren zain daude dagoeneko. Jaietako ikur nagusiek girotuko dute txu-
pina, baina hori hilaren 18an izango da, 19:00etan. Bitartean, egongo da zer ospatu auzoan, hainbat jardueraran joango dira Larratxoko jaietara, Larratxo berreskuratu dezagun! lelopean. Igandean, berriz, XXXVI. Iokin Intxausti
Pipas herri krosa egingo dute, 10:00etan.
Antiguan, datorren asteburuko jarduera indartsuenen zain egon gabe, izango dute zer gozatu bihar eta etzi. Haurren futbito txapelketa egingo dute bihar, 10:00etan; eta bakailao txapelketa Gaskonia plazan, 13:00etan. Igande goizean, auzoko txistulari eta dultzaineroen dianarekin esnatuko dira antiguatarrak, 10:00etan. Matia kalean zehar kalejira hasiko da 11:30ean, Antiguotarrak, Arkaitz eta Astigar taldeak ariko baitira dantzan. Ondoren, euskal dantza emanaldia egingo dute frontoian, 12:30ean. Arratsaldean, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia izango da frontoian, 17:30ean. Gainera, egun osoan zehar sardina jatea egingo dute frontoian bertan, eta taberna bat jarriko dute.
Bestalde,
Igeldoko jaien aurrekari, Ondarretatik Igeldoko Igoera lasterketa irtengo da igandean, 10:30ean. Antigua eta Mendizorrotz lotuko ditu 7,2 kilometroko ibilbideak.