Zinegotziak, euren eserlekuetan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Datozen lau urteetan alkatea zein izango den jakina da dagoeneko: Eneko Goia. Ordezkari jeltzaleak ez ezik, gainontzeko udal taldeetako ordezkariek ere hartu dute hitza Udalbatza osatzeko saioan. PSE-EEk, EH Bilduk, PPk eta Irabazi Donostiak “modu eraikitzailean” egingo dutela lan ziurtatu dute. Hori bai, bakoitzak zein izaera izango duen agerian utzi du euren bozeramaileen lehen adierazpenekin.
PSE-EEko ordezkari Ernesto Gascok “aro berri bat” hasten dela esan du, eta “harrotasunez eta ardurarekin” lan egingo dutela aurreratu du. Hiria “anitza” izanik, denen beharra ezinbestekoa dela adierazi du. “Liskar faltsuak alde batera utzi eta Donostiak behar dituen proiektuen alde lan egiteko unea da”, nabarmendu du. PSE-EErentzat, proiektu horiek zeintzuk diren esan du: Abiadura Handiko Trena, Metroa, lana sustatzea eta etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea. ETAren indarkeria ere aipatu du, eta “duintasuna” berreskuratu behar dela adierazi du, “biktimei ohore egiten”.
EH Bilduko ordezkari Amaia Almirallek “Donostiaren interesen defentsan” arduraz jokatuko dutela aurreratu du: “Egiten denaren arabera jokatuko dugu, ez esaten denaren arabera”. Erabakitzeko eskubidearen alde egingo dutela esan du, eta zerbitzu publikoen defentsan ariko direla nabarmendu du, herritarren parte hartze zuzena indartzeko asmoa ahaztu gabe: “Zeharlerrotasun politiketan ez dugu atzera pausorik onartuko, ez Partaidetza arloan, ezta Euskara eta Berdintasun arloetan ere”, ohartarazi du. Krisia gehien pairatzen dutenei emango dietela sostengua iragarri du: “Etxe kaleratze bakar bat ere gertatu ez dadin lan egingo dugu, eta behar dutenek laguntzarik gabe gera ez daitezen borrokatuko dugu”. Herri mugimenduari ere ahotsa emango diotela nabarmendu du. Orokorrean, oposiziotik “arduraz, baina zorrotz” jokatuko dutela esan du.
PPko ordezkari Miren Albisturren lehen hitzak euren hautagaitza zergatik aurkeztu duten azaltzeko izan dira. Esan du Gasteizen gertatutakoagatik egin dutela, eta EH Bildurekin akordioak lortzea ez dutela ulertzen berretsi du, “ETAren indarkeria ez duelako gaitzetsi”. Albisturren hitzetan, “legegintzaldi honek politika egiteko mugarri bat izan behar du, baina udal gobernu berriaren esku egongo da hori ala izatea edo ez. Guk modu eraikitzailean egingo dugu lan, baina hor izango gara, zaindari”.
Irabazi Donostiako ordezkari Amaia Martinek etxerik gabekoentzat izan ditu lehen hitzak: “Etxerik gabeko jendea ez dugu nahi Donostian; enplegua bai, ordea”. Oposiziotik “modu eraikitzailean” lan egiteko prest direla aurreratu du, elkarlanean aritzeko izaerarekin. Irabazi Donostiak defendatuko duen eredua aipatu du ondoren: “Ingurugiroarekiko errespetua dion hiri bat nahi dugu, eta auzoek garrantzia izan dezaten da gure asmoa, luxuzko Donostiaren alboan, non etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ez dagoen”. Desberdintasun sozialek bere horretan jarraitzen dutela berretsi du, eta eurek berdintasuna izango dutela helburu ziurtatu du.