Egun osoko jaia egingo dute igandean, ‘Gaurko hautetsontzia, biharko erabakia’ leloarekin. Ekitaldi nagusia Anoetan egingo dute, goizeko oihal katearen ondoren.
Gure Esku Dago mugimenduko kide batzuk grosen, Anoeta estadiorako sarrerarekin. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Iruñea, Bilbo, Gasteiz, Baiona eta Donostia prest daude ekainaren 21erako.
Gaurko hautetsontzia, biharko erabakia lelopean, jai bana egingo dute. Herriz herri eta auzoz auzo ehundutako oihalak zabaldu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri erraldoi bihurtzeko unea iritsiko da etzi, Gure Esku Dago mugimenduak antolatu duen jaian. «Erabakitzeko eskubidea posible egin nahi duten identitate eta borondateekin ehundutako hautetsontzi erraldoiak» osatuko dituzte, eta erabakitzeko eskubidearekin bat egiten duen herritar orori dei egin diote igandeko ekitaldietan parte hartzera.
Donostian 60.000 lagun espero dituzte. Gure Esku Dago mugimenduak 3.000 laguntzaile inguru mobilizatuko ditu egun horretan.
Jaia eguerdian hasiko da, Kursaal zubitik Realaren zubiraino egingo duten oihal katearekin. Iaz egin zuten giza katea gogoratzeko festa izango da sei zubitan egingo dutena. Bertan biltzen diren lagun guztien artean eutsiko dute
5.000 metroko oihal katea.
Guztira 2,5 metroko 2.000 oihalekin osatuko dute katea Donostian. Azken hilabete hauetan hainbat herritarrek ehundu dituzte, eta igandean elkartuko dituzte. Oihal zatietan norbanakoek idatzitako aldarrikapenak jaso dituzte, eta Donostian 40.000 lagun saretuen nahia ordezkatzen du. Ekitaldi honetan 25.000 lagun inguru espero dituzte antolatzaileek. Jarduera irekia izango da, eta ez da sarrerarik behar bertan parte hartzeko. Antolatzaileek 11:30ak aldera zubietara joateko gonbidapena egin dute. Oihal katea 12:00etan hasiko da, eta bertan biltzen diren herritarrek eutsiko dute, eskuz esku.
Oihalak bobinatan zabalduko dituzte, eta Gure Esku Dagoko antolakuntzako 800 bat lagun ariko dira laguntzaile gisa. Durangotik Iruñera egindako giza katean bezala, musikaz girotuko dute oihal katea: dultzaineroak, batukadak, trikitilariak, elektrotxaranga… Eta giza kate hartan bezala, oihal katea ere herrika banatuko dute.
2014ko ekainaren 8 hartan donostiarrak Sakana aldeko kilometroetan bildu ziren. Oraingoan,
Donostiak Gipuzkoa osoko herritarrak jasoko ditu Urumean. Donostiarrak Kursaal eta Santa Katalina zubiaren arteko gunean izango dira. Lasartealdea, Hernanialdea, Oarsoaldea, Urola Kosta, Debagoiena, Tolosaldea, Debabarrena, Goierri eta Bidasoako herritarrak jarriko dira ondoren, zubiz zubi, Realaren zubiraino.
Oihal kateak ordu erdiko iraupena izango du, eta modu sinkronizatuan egingo dute, beste hiribururekin batera. Bilbon Euskalduna jauregia eta Areatza artean egingo dute; Gasteizen, Andra Mari plazan; Iruñean, Parte Zaharrean; eta Baionan, ibaiaren inguruan. Donostian, oihal katea bukatu ondoren Anoetara abiatuko dira kalejiran, bertan egongo baita jaiaren erdigunea.
Hautetsontzi erraldoia
Anoeta estadioan 32.000 lagunentzako lekua izango da, eta bertan egingo dute ekitaldi nagusia, 17:30ean. Oihal kateko oihal berak Anoetara iritsiko dira, eta hautetsontzi erraldoi bat osatuko dute zelaian. Ikuskizun erraldoia izango da Anoetakoa.
Mila bat danborrari,
dantzariak,
erraldoiak,
ikus-entzunezkoak,
Eñaut Elorrietaren emanaldia… Gainera, mosaiko bat osatuko dute harmailetan, ikusleei emango dieten kartulina zatiekin. Anjel Alkain, Iker Galartza, Kike Amonarriz, Edurne Garmendia, Joseina Etxeberria eta Arritxu Iribar aurkezle lanetan ariko dira. Helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte Anoeta estadioan sartzeko; 3 eta 15 urte arteko haur eta gaztetxoek, 5 euro; eta 2 urtetik beherako haurrek doako sarrera izango dute.
Egun osoko jaia gune gehiagotara iritsiko da. Goizean, Bulebarreko kioskoan, herri dantzak egingo dituzte, eta Parte Zaharreko kaleetan barrena Kantu Jira egingo dute. Anoeta estadioaren inguruan, 11:00etan, jatekoa eta edatekoa egongo da –sagardoa, txekor errea, taloak…–, eta arratsaldean, erromeria. Anoetako Estadio txikian, 11:30etik 00:00etara, kontzertu maratoia egingo dute:
Lain,
Rat-Zinger,
Eratu,
Arkada Social,
Tajon Prieto y
Los Kuajalotes,
Su Ta Gar,
Glaukoma,
Ze Esatek!,
Skakeitan eta
Stepi Selektah Reggae Dancehall ariko dira zuzenean.