Markel Ormazabal: 'Politikaren fikzioak edo fikzio politika'
Soziologia agorturik ez ote den; denborak azkarregi doazkien sozietateetan zehar galdua, zahartua. Hauxe maiatzaren 24az geroztik elkar ikusten ez genuen lagunak luzatu galdera. Inkesta eta aurre ikerketek urrunetik oso irakurri dutela zer gerta, bozen ondorengoa oharturik orain. Sozietateak aldatu ahala, aldaketok ulertzera heltzeko tresna eta bitarteko berriak behar derrigorrean. Zygmunt Bauman soziologoaren deskribapen dagoeneko aski ezagunari tiraka, erabat likido den ingurunean ohiko betaurrekoekin murgiltzeak, ingurune horren itxuraldatzea
besterik ez dakar bistara. Urazpian handiagotu bezain beste txikiagotzen baitira gorputzak.
CIS-ek bozka egunaren aurrez egin azken inkestaren emaitzek ageriko uzten dute garaion ziurgabetasuna: espainiar estatuan botoa emateko asmoa adierazi zuten herritarren artean, eta maiatzak 24 izateko astebete soilik geratzen zela , %30 eta %45ak ezbaian zuen bozka hautua. Bozkak fideltasuna galdu du, kasik inoizko boto mugikortasun handiena adierazten dute emaitzek, eta alderdi berriak hautes-jokoan sartzeak belaunaldi askok besterik ezagutu ez dugun alderdi-bitasun estatalaren ezegonkortasuna ekarri du. Aldaketak, ordea, aldaketa-erdi eta bozka bezain iraungikorra begitatzen zait bozka ematearen aukera etorkizun ziurgabeko sozietateetan.
Lander Arbelaitz eta Axier Lopez kazetariek idatzi bezala, alderdien menpeko “joko demokratikoa” delakoak demokratikotik gutxi eta jokotik asko duela dion ustea bere egin du herritarren multzo zabal batek. Demokrazia modernoa ezin izan denez sekula oligarkiatik behar bezain beste apartatu, ekonomikoa da demokraziaren kontraesanik latzena. Bestela esanda, hauteskunde bozketak nagusi diren klaseen komenentziara moldatu dira beti. Lehenengo agerian, disimulatuago gero, areago eta lotsagabeago aurrerantzean. Hala, arazoak soluziobiderik ez duela sumatzen da, botere politikoa botere ekonomikoa dutenen eskuetan ikusten delako, modu aldagaitzean. Nola ez da ba herritarra “joko demokratikoa” delakotik despolitizatuko, politika bera hiltzen badute. Hauteskundeetan parte hartzeak gora egin du gurean, eta hala ere abstentzioa garaile.
Ez dira gutxi, beraz, hauteskundeak errepresentazio edo antzerki hutsa direla uste duten herritarrak. Gertatzen da fikzio horrek errealitatea produzitzen duela. Zerbait aldatu behar da. Aldatu nahi badugu, aldatu behar dugu.
Hau demokrazia den ala ez den, gutxienekoa da; demokrazia ez baita sistema politiko eman edo idatzi bat. Ohitura gramatikalen kontra, eta soziologo lanetan aise moldatzen den poetak idatzi bezala, izentzat baino gehiago adiztzat hartu beharrekoa baita. Demokraziak aditza behar du izan, mugimendua, ekintza. Eta hala, botoa ematea, inportantea izanda ere, ez da benetako ekintza politikoa. Ekintza estatala diren hauteskundeek ez bezala, ekintza politikoak espazio eta denbora propioa sortzen baitu. Alegia, merkatuaren eta estatuaren instituzioez aparte, herritarrek erabakitzen dute non, noiz eta zer egin.
Errealitatea eten behar genuke. Ulerturik errealitatea leku, botere eta funtzioen banaketa jerarkiko bezala. Bat eta bakarra bailitzan, eta bestelako aukerarik ez dagoenez alternatibarik ez duelako ustearen gainean eraiki den errealitatearen etena. Eta berriak eta askotarikoak ahalbidetu. Jacques Rancière filosofoaren teorietako bat fikzio-politika deritzona da. Bere eragina, bat zena bitan zatitzea da Fikzioaren bitartez des-erantsi (gorputz jakin bat utzi) eta (aukeren eremu berri batetan) bir-txertatzen gara. Fikzio-politikaren bidez, egiatan garenaz ezberdindu eta bestelakoak gaitezke, errealitate efektuak eraginez. Fikzioa indar material bilakatzen baita beregan sinetsi eta bere arabera antolatzen hasten garen momentuan bertan. Hau da, libre izateko eskubidea libre izateko obligazioa ere bada.