Donostia 2016, Karlos I.aren hiribidea, Metroa eta Urumea izango dituzte hizpide batzorde ez iraunkorretan. Astelehenean egingo dute legegintzaldiko lehen udalbatzarra
EAJ udal taldeko bederatzi zinegotziak, atzoko argazki saio ofizialean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Legegintzaldi berria abian da. Udal talde guztiei eta euren udal ordezkariei irudi ofizialak ateratzeko argazki saioa prestatu zuten atzo udaletxean, baina, irudia ez ezik, edukia ere landu dute egunotan. Hain zuzen ere, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak lehen erabakiak hartu ditu. Joan den ostiralean koalizioan gobernatuko dutela jakinarazi zuten, Donostiaren aldeko hitzarmena sinatu eta gero, eta aste honetan datozen lau urteetan eratuko dituzten batzordeen berri eman dute.
Astelehenean izango da legegintzaldiko lehen udalbatzarra, 9:30ean, eta bertan berretsi beharko dituzte batzorde horien sorrera; hala ere, udalbatzarrari itxaron beharrik gabe, dagoeneko jakina da zeintzuk izango diren, Bozeramaileen Batzordeak argi berdea eman baitzien herenegun. EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutenez, emaitza errepikatuko da astelehenean.
Bost batzorde iraunkor, hiru batzorde berezi eta lau batzorde ez iraunkor egituratuko dituzte orotara. Azken hauek dira esanguratsuenak, udal gobernuaren lehentasunak zeintzuk diren ikusteko balio baitute, legegintzaldiko gai nagusiei buruz hitz egiteko sortu ohi direlako batzorde ez iraunkorrak. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutza, Karlos I.aren hiribideko egitasmoa, Donostialdeko Metroa eta Urumea ibaian uholdeak saihesteko lanak dira eratuko dituzten lau batzorde ez iraunkorretako gaiak.
Bost batzorde iraunkorrek, berriz, zerbitzu orokorrak, ogasuna, hirigintza, pertsonei zuzendutako zerbitzuak eta gune publikoak izango dituzte hizpide. Hiru batzorde iraunkor bereziek, bere aldetik, udal kontuak, kexak eta iradokizunak eta kontratazioaren kontrola jorratuko dituzte.
Asteleheneko udalbatzarrean zinegotzien liberazioen gaia ere mahai gainean jarriko dute. Lege berriak aldaketak ekarri ditu, Udalbatzaren bi heren bakarrik liberatu daitezkeelako; Donostiaren kasuan, gehienez 18 zinegotzi. Zentzu honetan, EAJk jakinarazi du proposamen bat luzatuko duela, udal gobernuak oposizioak baino baldintza hobeagoetan lan egin ez dezan; «abantaila ez izateko», alegia.
Proposamena «zintzoa» izango dela aurretatu dute jeltzaleek, udal taldeen artean aho batez onartzeko helburuarekin, legegintzaldi bakoitzean egon daitezkeen gobernu aldaketek akordioa baldintza ez dezaten. Liberazio partzialak ezartzeko aukera kontutan hartuko dute konponbide gisa.
Udaletik aldundira
Udal hauteskundeen ondorioz aukeratutako hautetsiei dagokienez, aldaketak izan dira azken asteetan. Bilduko alkategai Juan Karlos Izagirreren agurraz gain, aste honetan bertan PSE-EEko ordezkari Marisol Garmendiak esan dio adio udaletxeari, Gipuzkoako Foru Aldundira joateko.
Gune Publikoak, Ekologia eta Festa Jarduerak arloen arduradun izendatu zuten, eta astelehenean bere lehen –eta azken– agerraldia egin zuen komunikabideen aurrean; Ametzagaina parkeko ardiei buruz hitz egiteko, besteak beste. Era berean, soka dantzan ibili zen San Joan bezperan, Konstituzio plazan. Ordu batzuk geroago, PSE-EEko ordezkari Denis Itxasok bere ondoan egoteko aukeratu duela jakinarazi zuen, aldundian ere elkarrekin gobernatuko baitute EAJk eta PSE-EEk.
Garmendia diputatu izango da orain, eta Lurralde Antolaketa eta Mugikortasuna izango dira bere ardurak; «Donostialdeko Metroari bultzada emateko», Itxaso beraren hitzetan. Udalean utzitako zinegotzi eserlekua Begoña Palosek hartu du. Altzako merkatarien elkarteko kidea da, eta PSE-EEko udal hauteskundeetarako zerrendan zortzigarren postuan aurkeztu zuen bere burua. Gune Publikoak, Ekologia eta Festa Jarduerak arloak, berriz, Alfonso Gurpegiren esku geratuko dira. Gurpegik zinegotzi kargua zin egin zuen ekainaren 13ko ekitaldi ofizialean.
Udal gobernua
Ardurak:
Eneko Goia (EAJ). Alkatea.
Ernesto Gasco (PSE-EE). Lehen alkateordea. Ekonomia Sustapena, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoa.
Miren Azkarate (EAJ). Bigarren alkateordea, Donostia 2016ko arduraduna, Kultura, Euskara eta Hezkuntza.
Duñike Agirrezabalaga (PSE-EE). Hirugarren alkateordea. Auzoak eta Deszentralizazioa, Hiritar Erantzukidetasuna, Berdintasuna eta Lankidetza.
Juan Ramon Viles (EAJ). Laugarren alkateordea. Presidentzia, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntza.
Enrique Ramos (PSE-EE). Hirigintza Jasangarria, Etxebizitza eta Hiriko Proiektuak.
Jaime Dominguez-Macaya (EAJ). Gobernu Batzarreko idazkaria. Ogasuna eta Finantzak.
Alfonso Gurpegi (PSE-EE). Gune Publikoak, Ekologia eta Festa Jarduerak.
Aitziber San Roman (EAJ). Gizarte Ekintza.
Pilar Arana (EAJ). Garraio eta Mugikortasuna.
Miguel Angel Diez (PSE-EE). Bide Publikoak eta Ingurumena.
Martin Ibabe (EAJ). Kirolak, Gazteria, Hiritar Segurtasuna eta Babes Zibila.