Sare herri mugimenduaren topalekuaren ekitaldia. (Argazkia: Sare)
Presoen eskubideen alde «eragiteko, egiteko eta ekiteko» topaleku bat ireki du Sarek, Amarako Arroka kalean. Egoitza berriak joan den ostegunean zabaldu zituen ateak, eta presoen sakabanaketaren aurka ahots eta esku berriak batu nahi dituzte bertan; «euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen urraketen berri emateko, eta berauekin amaitzeko zer egin dezakegun elkarrekin hausnartzeko. Dispertsioaren liburuxkak konpartitzeko, materiala jasotzeko… Eskubideez ari garelako. Eta eskubideek ez dute salbuespenik onartzen; norbaiten eskubideak urratzen direnero denonak urratzen direlako», azaldu dute Sareko kideek.
Plataformak azaroan ekin zion bideari Donostian, Zuloaga plazan egindako aurkezpen publikoarekin. Aste batzuk lehenago, Euskal Herri mailako Sarek agerraldia egin zuen Koldo Mitxelenan, presoen sakabanaketaren aurkako dinamikaren berri emateko. Orduz geroztik, Donostiako taldea urratsak ematen ari da sarekideak lortzeko eta dinamika berari forma emateko. Bide horretan, jarduera berezi bat egin zuten apirilean Nautikoan. Donostiako presoen senideek astebururo errepidean egiten dituzten kilometroak irudikatu zituzten oinez, bizikletaz eta arraunean.
Sare ikertzen ari dira
Egoitza berria ireki eta egun gutxira, astelehenean, ekitaldiak ekarritako poza baldintzatu zuen albistea etorri zen: APAVT Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataformak biharko Gasteizen deitutako giza katea debekatzeko eskaera egin dio Auzitegi Nazionalari, eta honek urgentziaz eskatu dio Guardia Zibilari, Poliziari eta Ertzaintzari Sareren jarduera ikertzeko, atzean legez kanporatuta dagoen elkarteren bat ote dagoen argitzeko.
Hedabideen bitartez ikertuak izaten ari direla jakiteagatik haserre daude plataformako kideak, baita bere jarduera zalantzan jartzeagatik ere: «Mila aldiz esan dugu, eta berriro ere errepikatuko dugu, giza eskubideez ari gara, oinarrizko eskubideez. Pertsona orok errespetatuak izan behar dituen eskubideez. Ez gehiago, ez gutxiago».
Sareren hitzetan, «osasunerako eskubideaz ari gara, Espainiak berak bere legedian aurreikusita dituen eta beste kasu ez hain larrietan aplikatu izan dituen legeak betetzeaz ari gara». Adibide moduan, hilabete honetan bertan egindako agerraldi bat aipatu daiteke. Hain zuzen ere, Jagoba Codo preso amaratarraren egoera salatu zuten Easo plazan, gaixotasun kroniko bat izan arren, Martutenetik Castelloko espetxera urrundu dutelako; etxetik 482 kilometrora.
Sarek nabarmendutakoaren arabera, «euskal presoen gaiaren inguruan Espainiako gobernuaren jarrera desberdinak dira ikertu beharko lituzketenak. Zigorren gehitzean urratzen dituzten eskubideak iker ditzatela, baita larriki gaixo dauden pertsonen eskubideak nola urratzen dituzten, presoek euren hizkuntzan ikasteko duten eskubidea, edota presoez harago beraien familiei sakabanaketaren eraginez ezartzen dizkieten zigor bidegabeak».