Igandean ekingo diote Donosti Cup futbol txapelketari, 440 talderekin. Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neska talde bat gonbidatu dute antolatzaileek
Joan den astean egin zuten aurtengo ekitaldiaren aurkezpena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Uda sasoiarekin batera iristen da urtero Donosti Cup futbol txapelketa, eta 2015. urteko ekitaldia iristear da. Nazioarteko hainbat jokalari gaztetxo biltzen ditu urtero txapelketak, eta igandetik uztailaren 11 bitartean jokatuko dute aurtengoa.
Partaidetza marka hautsiko du Donosti Cupek. Izan ere, 440 taldek eman dute izena aurtengo txapelketarako. Hala, hirugarren urtez jarraian, 400 talde baino gehiago arituko dira nor baino nor Donostialdeko hainbat zelaitan, Europako udako bosgarren txapelketa handiena bihurtuz.
Giza alderdia lantzen du Donosti Cupek urtero, eta aurten ere baliabiderik gabeko bi talde gonbidatu dituzte Donosti Cup in the world izeneko programaren bidez: Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neska talde bat eta Mozambikeko umezurtz etxe bateko mutil talde bat, hain zuzen ere.
Paris Saint-Germain
Guztira, ia mundu osoko 7.840 jokalari izango ditu txapelketak, eta Euskal Herria, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko izango dira talde gehien ekarriko dituzten herrialdeak. Gainera, mutilen mailan, Paris Saint-Germain klubeko talde jubenilak ere parte hartuko du lehen aldiz; eta emakumeetan, Espainiako Superligako Rayo Vallecano eta maila igoera lortu berri duen Oiartzun ere baloiari ostikoka arituko dira. Integrazioaren Aldeko Txapelketa ere antolatu du Donosti Cupek, Atzegi eta Adecco Fundazioaren laguntzarekin, elbarritasunak dituzten haurrei begira. Loiolako Erriberako Soccer World kirol gunean jokatuko dituzte partidak, uztailaren 7an, 19:00etan.
Txapelketaren inaugurazio ekitaldi ofiziala astelehenean egingo dute, 22:00etan, Anoeta estadioan. Sarrerek 3 euroko prezioa izango dute helduentzako, eta doakoa izango da 12 urtetik beherako haurrentzat. Urtero legez, ekitaldiaren ardatza taldeen desfilea izango da, eta horren inguruan dantzak, agurrak, musika eta su artifizialak eskainiko dituzte.