Ekuadorrekoa da jaiotzez, baina 26 urte daramatza Donostian bizitzen eta euskaraz oso ederki hitz egiten du; bere jaioterriko ikasleei zuzendutako liburu bat argitaratu berri du.
GLADYS VILLALVA, KAZETARIA
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Egunkari bateko berriemaile gisa iritsi zen Ekuadorretik Euskal Herrira Gladys Villalva (Latacunga, 1956), eta bertan geratu zen. Oraingoan, atzera begiratu du, ikasle zeneko garaira, eta Ohiora joateko lortu zuen beka oroitu du. Ingelesez jakiteagatik lortu zuen beka hura, eta ekuadortar gazteak ingelesa jakitearen garrantziaz ohartzea nahi du,
Mashca izeneko liburuarekin.
Nolatan etorri zinen Donostiara?
Ni kazetaria naiz eta berriemaile gisa etorri nintzen duela 26 urte. El Dia eta La Gaceta egunkarietarako zutabeak idazten nituen, ekonomia, kultura, eta kirolari buruz. Bi urteren ostean, nire kontratua bukatu zen eta Ekuadorrera itzuli nintzen. Zuzendariari berriro ere hona etortzeko proposamena egin nion, baina ezinezkoa zela esan zidan, ez zegoela dirurik. Nahi banuen Argentinara edo Ameriketako beste toki batera joan nintekeela. Orduan, dena utzi nuen, hiru hilabete igaro ostean Donostiara itzuli nintzen, eta ordutik hemen nago. Ingeles eskolak ematen hasi nintzen eta kazetari gisa, Irutxulo aldizkarian Intxaurrondoko berriemaile gisa hasi nintzen, Intxaurrondon bizi bainaiz, eta Argia aldizkarian ere kolaboratzen nuen.
Noiztik hitz egiten duzu euskaraz?
Estatu Batuetan ikasi nuen kazetaritza, Ohion. Askotan New Yorkera joaten nintzen, eta lagunak egin nituen Euskal Etxean. Hor hasi nintzen pixkanaka euskaraz hitz egiten. Eta begira gauzak zer diren, urte mordo bat igaro ondoren, hona etorri nintzela lanera! Gaur egun ere New Yorkera joaten naizenean, beti egiten diet bisita bat Euskal Etxekoei. Badaude hor jaio diren euskaldunak, eta euren bilobak euskara ikastera joaten dira Euskal Etxera. Dena ospatzen dute, Gabonetan baserritarrez janzten dira… Hemen kuadrilla egin nuenean, gaizki sentitzen nintzen, beraiek euskaldunak izan arren, niregatik gazteleraz hitz egin behar zutelako. Orduan Ilazki euskaltegian hasi nintzen euskaraz ongi ikasten, zazpi urtez, egunero.
Nondik zertorkizun bada euskararekiko interes hori?
Nire arbasoak galiziarrak ziren. Koinatu bat badut euskalduna, eta senarra ere bai, baina zuzeneko familiarik ez. Nire gurasoak Ekuadorrekoak dira. Kultura ezagutzeko eta jendea ezagutzeko ikasi nahi nuen euskara, eta horri esker gida turistiko gisa lan egiten dut. Nire semearekin txikitatik euskaraz hitz egiten dut, sei urte izan arte ez zekien gazteleraz. Ingelesez ere ongi ikastea nahi dut, baina alper xamarra da.
Bagera euskaltzaleen elkarteko kidea ere bazara.
Duela 17 urte, mintzalagun batekin hitz egiten hasi nintzen. Mintzalagun ikasle bezala sartu nintzen, eta gaur egun, ni naiz besteei irakasten diena. Nire bizitza euskaraz egiten dut, gazteleraz oso gutxi hitz egiten dut. Oso ezaguna naiz gaur egun eta iragarkiak egiteko deitzen didate. Atera nintzen esanez Nire eguneko lehen hitza euskaraz da eta oso ondo sentitzen naiz, telebistan eta irratian. Ni euskalduna sentitzen naiz. Batzuk nabaritzen dute ez naizela hemengoa euskaraz hitz egiten dudanean, baina erdaraz hitz egiten dudanean gehiago.
Eta nolatan idatzi duzu orain liburu bat?
Asko irakurtzen dut, batez ere Koldo Mitxelenatik hartzen ditut liburuak. Egun batean pentsatzen hasi nintzen nik ere idatzi nezakeela zerbait, eta begira. Batez ere nire bizipenak bildu ditut, ikaslea nintzen garaikoak. Ez da nire biografia osoa edo nire bizitza pribatua. Ikasleei zuzendua dago, ingelesa ikastearen garrantziaz ohartu daitezen. Horrela esan nien ikasleei Ekuadorren. Gida turistiko bezala lan egiten dut opor garaietan, euskaldunak Europara eramaten ditut. Eurekin euskaraz hitz egiten dut, eta harremanak ingelesez egiten ditut. Horregatik esaten dut hizkuntzak jakiteak mundura irekitzen zaituela.
Zer esan nahi du izenburuak?
Zaragozakoei maño deitzen diegun bezala, Latacungakoei Mashca esaten digute. Liburuaren azalean agertzen dena, berriz, eskolako uniformea da, gaur egun ere erabiltzen dutena.
Zer kontatzen duzu liburuan?
Hemezortzi urte nituela ingelesa ikasten ari nintzen eta nire ikastetxera etorri zen AFS elkartea. Beka bat eskaini ziguten, urtebetez ikasketak Estatu Batuetan egiteko, Ohion, bertako familia batean bizitzen. Eskolako 200 bat ikasle bildu ginen, eta baldintzak oso gogorrak jarri zituzten, eta garrantzitsuena ingelesa menperatzea zen. Nik bakarrik lortu nuen beka ikasle guztien artean, eta nire gurasoak oso harro sentitu ziren. Horri buruz da liburua, nire urtebeteko bizipena. Nola lortu nuen beka, nola joan nintzen, eta nolakoa izan zen nire bizitza han. Oso gustura egon nintzen eta gero bertara itzuli nintzen kazetaritza ikastera, eta sei urtez geratu nintzen. Oso polita da historia nola kontatzen dudan.
Aurkezpen bat baino gehiago egin dituzu jada.
Bai, ekaina hasieran. Ekuadorren bi aurkezpen egin nituen, bat nire herriko kultur etxean, eta 150 pertsona elkartu ziren; harrituta geratu nintzen, alkatea eta guzti etorri zen. Gero, beste aurkezpen garrantzitsu bat nire ikastetxean egin genuen, Victoria Vasconez Cuvi. Nire ikaskide asko joan ziren, eta gaur egungo ikasleak ere bai. Donostian, Bageraren Erdialdeko egoitzan ere egin nuen aurkezpena, eta nire inguruko asko jada liburua irakurtzen ari dira.