KAE 1, KAE 2, TKE eta Euskotren traineru ligetako jardunaldiek bat egingo dute Donostian, nazioarteko belaontzi lehiarekin batera
Nazioarteko XVI. Belaontzi Estropadaren aurkezpena egin dute udaletxean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Arraunzaleek ez dute atsedenerako tarterik izango asteburuan Donostian. Izan ere, kantauriko lau traineru ligetako jardunaldi bana jokatuko dute Kontxako Badian. Hau da, gizonezkoen
KAE 1,
KAE 2 eta
TKE, eta emakumeen
Euskotren traineru ligetako estropadek bat egingo dute. Gainera, Donostia Hiria Nazioarteko XVI. Belaontzi Estropadan parte hartuko duten ontziak ere badian barrena ibiliko dira. “Kasualitatea izan da dena elkartzea, baina kasualitate atsegina. Agerian geratzen da ekimen desberdinek hiri honetan izan dezaketen lekua. Asteburu aberatsa izango da”, azaldu du Eneko Goia alkateak belaontzi estropadaren aurkezpenean. Etxetik mugitzeko gogorik ez duenak ere traineru estropadak telebistaz jarraitzeko aukera izango du,
ETB1ek zuzenean eskainiko baititu TKE eta Euskotren ligetako lehiak.
Ordutegiei dagokienean, honela antolatu dituzte: KAE-2 Liga, larunbatean, 11:30ean; KAE-1 Liga, larunbatean, 17:30ean; TKE eta Euskotren Ligak, igandean, 12:00etan. KAE-1 eta KAE-2 ligetako jardunaldietan, Donostiarra Amenabar bandera egongo da jokoan, eta bietan parte hartuko du Donostiarraren traineru batek. TKE Ligan, momentuz hiriak ez du ordezkaririk, baina Donostiarraren emakumezkoen trainerua Euskotren Ligako sailkatze estropadetan arituko da, larunbatean Pasaian, eta igandean Donostian.
Belaontzi estropada, berriz, Vicente Munilla zenaren omenez antolatzen dute Munilla sendiak eta
Nautico klubak, eta bi jardunaldi izango ditu: larunbatean, Hendaiatik Donostiarako ibilbidea egin beharko dute partaideek; 12:00etan hasi eta Donostiara 14:30ak inguruan iritsiko direla aurreikusten dute. Igandean, berriz, Kontxako badian barrena ibiliko dira, 12:00etan. Guztira 50 belaontzi inguruk parte hartuko dute, eta
Why Not fundazioaren alde dirua bilduko du.