Groseko Indarra eta Sustapenaren arteko lankidetza hitzarmenari esker lokala handitu eta berritu dute.
Sustapeneko zuzendari Euken Sesek eta Groseko Indarra elkarteko kide Jonmikel Zubeldiak aurkeztu dute surf lokal berritua. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Dagoeneko martxan da hondartza denboraldia, eta eguraldi onarekin batera,
Groseko surf lokalean etengabeko mugimendua izan dute azkenaldian. Gaur ere, haurren ikastaroak egin dituzte bertan, hamaiketako eta guzti.
Lokala erabat berritu eta handitu egin dute aurtengo denboraldirako, Groseko Indarra elkartea eta Sustapenaren arteko lankidetza hitzarmenari esker. Lokal berritua aurketu dute gaur Sustapeneko zuzendari
Euken Sesek eta Groseko Indarra elkarteko kide
Jonmikel Zubeldiak.
Obrak
iazko urtearen amaieran hasi zituzten, eta itsasoaren hainbat erasoren ondorioz zertxobait atzeratu ziren berritze lanak. Dena den, hondartza denboraldirako garaiz amaitu dute, eta etorkizunean itsasoak eragin ditzakeen arazoei aurre egiteko prest daude Zubeldiaren esanetan: “Berriketa lanekin batera,
250 metro karratuko lokala izatea lortu dugu, surf tablak gordetzeko espazioa sortuz, erabilera askotariko gela handituz eta aldagelak berrituz”.
Zubeldiak nabarmendu du
Gros Indarrak konpromisoa hartu duela lokala urte osoan irekita mantentzeko, eta lokalean surf ikastaroak, eta kirolaren inguruko bestelako jarduerak eskainiko dituzte. Horrekin batera, kiosko taberna kudeatuko dute udako denboraldian.
Guztira
180.000 euro inbertitu dituzte lokala berritzeko eta handitzeko lanetan, eta Sesek azpimarratu duenez, surfarekin lotutako jarduera gehiago egiteko baliabideak eskaintzen ditu guneak: “Lankidetza hitzarmena
2024 urtea arte sinatu dugu, surfaren klusterraren bitartez, hirian surfaren praktika profesionalizatua sustatzeko jarduerak bultzatu eta garatzeko konpromisoa hartuz. Gainera, bestelako surf eskolek ere erabili dezakete lokal hau”.
Donostia, surfaren hiria
Lokal berrituak 250 metro karratu ditu. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)
Sustapeneko zuzendariak gogoratu duenez,
2011ko maiatzaren amaiera aldera sortu zen Surf Klusterra, sektorearekin sarean lan egite aldera. Surfaren inguruan hiriarentzat aberastasuna ekarri eta hirian enplegua sor dezaketen zerbitzuak eta proiektuak sustatzeko asmoarekin sortu zuten. Gaur egun,
Klusterrak 50 bat agente ekonomiko ditu —enpresak, erakunde publikoak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak—, eta Donostian sektorearen %65a biltzen du.
Donostia surfa praktikatzeko aukera eskaintzen duen hiri-ingurune gutxietariko bat dela adierazi du Sesek; gainera, horren inguruan industria handia mugitzen dela nabarmendu du. Hori dela-eta, surfaren kirol profesionala kultura eta bizimodu gisa sendotzea du helburu Sustapenak, industria erakartzeko eta negozio-aukera berritzaileak sortzeko oinarri gisa.