Hiriarentzako premiazko gaiei aurre egiteko inbertsio plana aurkezdu du gaur udal gobernuak; udalbatzarrean onartu beharko dute plana, hilaren 30ean.
Gaur onartutako partidak aurkeztu ditu Eneko Goia alkateak, Ernesto Gasco alkateordearekin batera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako alkate Eneko Goiak agerraldia egin du gaur, alkaterode Ernesto Gascorekin batera,
Tokiko Gobernu Batzarrean adostutako partidak aurkezteko. Horrela, Goiak adierazi du dagoeneko onartutako aurrekontua ez dela nahikoa hiriaren beharrei aurre egiteko eta
13.331.810 euroko kreditua eskatuko dute; kreditu hori Inbertsio-Plana baten barruan gestionatuko dute, hiriarentzako premiazko gaiei aurre egiteko.
Planean 50 jarduera baino gehiago babestuko dituzte; alkateak nabarmenenak aurkeztu ditu, hala nola, Kontxako baranda konpontzea La Perla eta Antiguako tunelaren artean, Miramongo basoa birsortzea, mugikortasun bertikalari buruzko jarduerak eta Haize Orraziarenegonkortzea. Gainera, Donostia 2016rako 500.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi du udal batzordeak.
Horrela, gaur aurkeztutako Inbertsio-Plana onartuta, aurten hiriak dituen beharrei aurre egiteko beharrezkoak diren kredituak onartuko dituzte. Alkateak gogorarazi du aurten ez direla aurreko legegintzaldian aurkeztutako Aurrekontu Orokorrak onartu, eta inbertsiorik ez egitea hiriarentzako kaltegarria izan daitekeela adierazi du: “Udal honek badu kreditua eskatzeko gaitasuna, beti ere, amortizatutako zorraren diru kopuru berdinagatik. Hori dela eta, mailegua eskatzea erabaki dugu,
udalaren zorraren amortizazioaren diru kopuru berdina, hain zuzen ere. Zorra ez da handituko beraz, berdin mantenduko da”.
Goiak azaldu duenez, plana abian jartzeko beharrezkoa izango da kredituak aldatzeko eta kreditu gehigarriak onartzeko espedientea onartzea, eta horretarako, izapideak aurrekontuak onartzeko berdinak direla gogoratu du; hala,
udalbatzarrak onartu beharko du Inbertsio-Plana.
Hauek dira onartu dituzten alkateak nabarmendu dituen partidak:
– Irisgarritasun bertikalak: Goiaren esanetan, auzo askok berritze obren beharra dute, hala nola, Altza, Amara Zaharra, Aiete eta Antiguo.
– Udaltzaingoaren leku aldaketa Morlansera: Morlanseko eraikinaren lanak hasita dauden arren, Udaltzaingoak aurrikusitako hainbat instalazio ez dira planean sartu, eta horiek egiteko dirua bideratuko dute.
10.000 euro erabiliko dituzte.
– Carmelo Balda frontoia: eraikina berritzeko
600.000 euro bideratuko dituzte.
– Zaharren egoitzak: Lau zaharren egoitzen irisgarritasun arazoak konpontzen hasiko dira: Antiguako zaharren egoitzarako
12.000 euro, Intxaurrondoko Aitonen Etxerako
150.000 euro, Amara Zaharreko Gure Bizitzarako
150.000 euro eta Groseko Zabalzarako
67.000 euro bideratuko dituzte.
– Donostia Lagunkoia: proiektu horretan
400.000 euro inbertituko dituzte.
– La Perla bainuetxea: eraikina konpontzeko
300.000 euro.
– Urumeako harresiak: konponketak egiteko
170.000 euro.
– Haizearen Orrazia: gunea egonkortzeko
925.000 euro.
– Kontxako barandila: 1.165.000 euro erabiliko dituzte Antigua eta Perlaren arteko zatia berritzeko.
– Miramongo basoaren proiektua: 1.243.772 euro erabiliko dituzte proiektua aurrera ateratzeko.
Donostia 2016
Bestalde, Donostia 2016rako
500.000 euro inguruko inbertsioa egingo du udalak onartutako partidekin.Goiaren esanetan, udal-instalazio zein eraikinetan egin beharreko lanak dira, baita hainbat eraikin hornitzeko lanak ere, 2016ko Europako Kultura Hiriburutza hartzeko prest egon daitezen.
Kargu-uzteak onartu dira
Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrean lau zuzendarien kargu-uzteak onartu dituzte:
Ingurumena, Lehendakaritza, Giza-Baliabideak eta Hirigintza. Hortaz, kargu hauek betetzeko deialdia ireki dute.
Irabazi Donostiak salatu du presaka iragarri duela udal gobernuak Inbertsio-Plana
Irabazi Donostiako bozeramaile Amaia Martinek udal gobernuak aurkeztutako inbertsio-plana baloratu du, presaka eta garbitasunik gabe iragarri dutela salatuz: “EAJk eta PSE-EEk gaur aurkeztutako inbertsio plana opakoa da, eta erabateko garbitasun eza dauka; ez zegoen eztabaida gaien artean sartuta ere”.
Martinen esanetan, bere alderdiak ez du ulertzen horren azkar onartzeko beharra, eta ez dagoela justifikatuta adierazi du: “Gainera, ez dakigu emendakinak aurkezteko ze aukera izango ditugun oposizioko alderdiek; beraz, azalpenak eskatuko dizkiogu alkateari datorren osteguneko bozeramaileen bileran”.
Zorraren inguruan ere mintzatu da zinegotzia, kredituaren baldintzak ez dituztela ezagutzen salatuz: “Udalak zorra hartzeko gaitasuna duen arren, ez ditugu zor hori ordaintzeko baldintzak ezagutzen. Horregatik, erabaki hori horrenbete larritasunez hartu izanaren arrazoiak jakin nahi ditugu, eta baita diru hori zorpetu gabe lortzeko aukerak aztertzea”.