EH Bilduk agerraldia egin du, euskarak udalean bizi duen egoerarekin kezkatuta; aurreko legegintzaldian abiatutako bidea jarrai dezan eskatu dio udal gobernuari.
EH Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Euskararen erabilera udalean errespetatzen ote den kezka agertu zuen atzo EH Bilduk. Aurreko legegintzaldian hizkuntza irizpide batzuk ezarri zirela gogoratu zuen
EH Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek, eta gobernu aldaketa egin zenean irizpide horiek errespetatuko zirela adierazi arren, dagoeneko euskara gutxiesten duten zantzuak aurkitu dituztela esan zuen. Almirallen esanetan, oraindik goiz da euskararen erabilera urratu diren kasu guztiak salatzeko, baina jaso dituzte batzuk, eta kontuak eskatuko dituzte datorren udalbatzarrean: “Gure alderdia kezkatuta dago, EAJ eta PSE-EEren hizkuntza erabilerarekin”.
Horrela gauzak,
bi interpelazio egin dizkio Almirallek Eneko Goia alkateari, euskararen erabilera behar bezala bermatu dezan eskatzeko. Hain zuzen ere, dagoeneko urraketak egon direla salatu zuen zinegotziak: “Euskararen erabilera behar bezala bermatua ez dagoela pentsatzeko zantzuak daude, eta are gehiago, udal gobernuak euskara bazterrean utzi izanaren adibide bat badugu dagoeneko”.
Adibide horren
frogak aurkeztu zituen EH Bilduk; duela aste batzuk, ekainaren 30ean, Eneko Goia alkateak harrera egin zien udaletxean Donostiako Atletikoko nesken sofbol taldeari. Taldeak Liga irabazita, alkateak oroigarri bat eskaini zien, eta, bertan, soilik gaztelerazko mezua irakur zitekeen:
Al equipo de Softbol Atletico San Sebastian, Zorionak por vuestro primer y no último triunfo en la liga.
Galderak
Almirallek salatu zuen euskara baztertuta gelditu zela egun horretan: “Udal gobernuak emandako oroigarri horretan, Donostiako hizkuntza irizpideak ez ziren bete; alkateari galdetu nahi diogu zergatik baztertu zuten euskara egun horretan”.
Horrez gain, Almirallek gogoratu zuen
udaleko zinegotzi guztiak ez direla euskaldunak, eta horrek arazoak sor ditzakeela adierazi zuen: «Gaur egun, udal gobernukide guztiak ez dira euskaldunak, eta hori kezka sorburu bihurtu da, barrura zein kanpora begira, hiriak onartuak dituen hizkuntza irizpideen erabilerari dagokionez. Horregatik, EH Bilduk galdera hauek egin dizkio Eneko Goia alkateari: “Nola ziurtatuko dute bi hizkuntzen erabilera, Donostiako udalerriaren irizpideen baitan, ahozkotasunari dagokionez, herritarrekiko tratu zuzenean? Eta nola burutuko dira bilerak hiritar euskaldun eta gobernukide erdaldunen artean? Zer gertatuko da udalean euskaraz lan egiten ari diren atalekin –Euskara Zerbitzuarekin, adibidez– berezko zinegotzia (Miren Azkarate) ez dagoenean, eta berari dagokion ordezkoa (Juan Ramon Viles) erdalduna izanik?”.