Zezenketak egiteko diru publikoa erabiliko duten galdetu dio alderdiak udal gobernuari, besteak beste.
Illunben egingo diren zezenketetan udaleko langileak egongo diren ere galdetu du EH Bilduk. (Argazkia: Nagore Koch)
Udal batzordeak egin dituzte gaur, hilaren 30an egingo den udalbatzarran eztabaidatuko diren gaiak zehazteko. Hain zuzen,
EH Bilduk 10 interpelazio aurkeztu ditu, eta
Amaia Almirall bozeramailearen esanetan, bakar bat ere ez du onartu udal gobernuak. Besteak beste,
zezenketen inguruan galdetu du alderdiak; guztira
18 galdera egin dizkie EAJ eta PSE-EEri, baina ez dituzte erantzun. Hala,
eztabaida “bahitu” dutela salatu du Almirallek.
Zezenketen inguruan EH Bilduk egindako galderen artean, udalak jarduera horretarako
diru publikoa jarriko ote duen argitzeko eskatu diote
Eneko Goia alkateari, eta baita
udaletxeko langileek zezenketen inguruan ardura edo lanik izango duten galdetu diote: “Udal gobernuak, baina, ez ditu gure galderetatik bat bera ere erantzun, eztabaidarako aukera erabat zapuztuz. Ez dugu ulertzen zergatik EAJk eta PSE-EEk beldurra duten gure galderei erantzuteko”.
Bestalde, Almirallek adierazi du bere alderdiak ez duela uste zezenketak direnik
Donostia 2016 aurkezteko jarduera aproposena: “Ezin dugu ahaztu dagoeneko
12.000 sinadura bildu direla hirian zezenketen aurka”.
Gardentasun eske
Zezenak ez dira EH Bilduk mahai gainean jarri nahi izan duen gai bakarra;
autobus geltokiaz ere galdetu du, legegintzaldia hasi eta gutxira, geltokiak diru gehiago kostako zenaren albistea zabaldu zelako: “Datu hori gezurra da, eta informazioa zuzen eman dezaten eskatzen dugu, herritarrei ondo iristeko”. Azkenik, alderdiak udal gobernuari eskatu dio
diru publikoaren erabileraren informazioa zabaltzeko: “Zoritxarrez, gai horiek ez dira udalbatzarrean tratatuko. Gure ustez gardentasunean atzera egiten ari da udal gobernua, kontutan izanda abuztuan ez dagoela udalbatzarrik, eta beraz, iraila arte itxaron beharko dugula”.
EH Bilduk zezenketekin “obsesioa” duela adierazi du Ernesto Gascok
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak erantzun egin die EH Bilduren salaketei, zezenketen gaiarekin “obsesioa” dutela adieraziz. Gascoren esanetan,
eztabaida “faltsu” bat ireki nahi du EH Bilduk, eta udal gobernuak behar zen informazioa aurkeztu duela adierazi du.
PSE-EEko bozeramaileak gogoratu du
zezenketak jarduera legala direla, eta Illunbe alokatzeko eskubidea dutela. Hain zuzen ere,
Illunbe alokatzeko bigarren proposamen bat ere bazen, skate erakusketa bat, baina bozeramailearen arabera, espazioa alokatzeko proposamen ofiziala aurkeztu duen bakarra Chopera familia izan da.