Parte Zaharreko Rekalde tabernan jende ugari bildu da, Liher musikariaren ahotsaz gozatzeko, irekiera ekitaldian
Liher abeslariaren doinuak adi entzun zituzten Rekaldera bertaratu zirenek. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hamar urte daramatza IRUTXULOKO HITZAk Donostiaren berri ematen, eta aurretik ere,
Irutxulo izenarekin bide luzea egina zuen. Aldizkariaren hemerotekan sartu, eta orain arte argitaratutako ia 2.000 zenbakien artean murgildu gara, eta azal esanguratsuenak aukeratu ditugu. Hala, erakusketa ibiltari bat antolatu dugu,
Beste 10 urte baietz! leloarekin bat eginez, gure urtemuga denon artean ospatzeko. Parte Zaharreko Rekalde taberna da erakusketaren lehen geltokia; eta gaur ireki dugu, Liher musikariaren kontzertu batekin. Jende ugari hurbildu da Rekaldera, eta portadak adi begiratu ditu, ezagunen bila.
Zu ere izan zaitezke azal hauetako protagonistetako bat! Izan ere, donostiarren aldarrikapenak, pozak eta kezkak jasotzen ditugu IRUTXULOKO HITZAn. Gizarte mugimenduetatik, auzo elkarteetatik, hiriko eragileetatik eta udaletik abiatuta, garrantzia duen guztiaren berri ematen dizuegu. Beraz, animatu eta pasa Rekaldetik, hilabetez ikusgai egongo baita erakusketa. Ondoren, auzo gehiagotatik igaroko da erakusketa, ezusteko gehiagorekin.