Azken hiru denboraldietan taldeko presidente izan den Alvaro Bilbaok postua utzi eta lekukoa hartu du Arzallusek.
Nekane Arzallus eta Alvaro Bilbao, Illunben egin duten agerraldian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Joan den astean aurreratu bezala, agerraldi bat egin dute gaur goizean
Gipuzkoa Basketeko
Alvaro Bilbaok eta
Nekane Arzallusek, Illunben. Jada klubeko presidente ohi den Bilbaok hartu du lehenik hitza, eta postua lan kontuengatik uzten duela adierazi du: “Ekarpenik egin ezin dezakedan leku batean egotea ezinezkoa da, eta orain
ezin diot behar adina denbora eskaini Gipuzkoa Basketi. Gainera, klubaren egitura freskatzea egokia dela iruditzen zait”.
Bestalde, azken hilabete honetan klubak bizitakoaren berri eman du Bilbaok: “Egungo egoera lortzeko taldeak une zailak bizi izan ditu, baina gaur ospakizun eguna da”. Izan ere,
ekainean komunikabideekin egin zuten gosarian, Gipuzkoa Basketen jarraipena zalantzatan jarri zuen Bilbaok, denboraldia jaitsiera postuetan amaitu ondoren eta erakundeen babes faltagatik: “egonkortasunik gabe taldeak ezin zuen aurrera egin”. Gaurko prentsaurrekoan, ordea,
ACB Ligan jokatzen jarraitzeko baldintzak bete dituztela azaldu du presidente ohiak, eta Donostiako Udala zein aldundiaren aldetik babesa lortu dutela.
Honela, Gipuzkoa Basketeko presidente berri Nekane Arzallusi lekukoa pasa baino lehen, eskerrak eman nahi izan dizkie Bilbaok hiru denboraldi hauetan bere ondoan egon diren guztiei. “Taldeko kontseilua eta langileei, une zailenetan euren lan egiteko eraginkortasuna mantentzeagatik; erakundeei, erakutsi duten babes publikoagatik; ADEGI Gipuzkoako Enpresarien elkarteari, enpresa berriekin harremanetan jartzeko ateak ireki dizkigulako”. Zaleak ere ez du ahaztu nahi izan, eta hemendik aurrera dena eskainiko dutela ziurtatu du. “Egungo egoera erosoagoa eta bideragarriagoa da. Zorterik onena opa diot Nekaneri”, amaitu du Bilbaok.
Arzallus, hunkituta
Presidente izateko albisteak txundituta utzi zuen Nekane Arzallus, baina ez zuen zalantzarik izan eta berehala baiezkoa eman zuen. Gaurkoan, hunkituta hartu du Bilbaoren lekukoa, eta une batean prestatuta zuen hitzaldia eten behar izan du:
“Urduritasuna, erantzukizuna, baina bereziki ilusioarekin nator. Denon laguntzarekin gai izango naiz proiektu polit hau aurrera eramateko”. Gaskara joan zen lehendabiziko aldian taldearen balioek liluratu zutela aitortu du, “zintzotasuna eta erantzukizuna”. 2007an Gipuzkoa Basketera iritsi zenetik, balio horiek ez ezik, gauza ugari ikasi dituela azaldu du Arzallusek: “Denoi esker ikasi dut, eta argi daukat munduko talderik onena daukadala. Aro berri batean gaude; Gipuzkoa Basketek egonkortasuna izango du”. Egonkortasuna lortzearekin lotuta, babesle ofizial baten falta du oraindik Gipuzkoa Basketek. Hala ere, Arzallusek
babesle hori lortzeko bidean daudela aurreratu du: “Uztaila edo abuztuan zerbait zehatzagoa jakitea espero dugu”.
Une zailak atzean utzi dituztela uste du Arzallusek, eta aro berri honi etekina atera behar diotela. “Gipuzkoako enpresa guztiek taldearekin harremana izatea gustatuko litzaidake; zaleei abantailak eskaintzea; gure aukerak kontuan hartuta talde indartsu bat egitea…”. Hortaz, lana eta ilusioa ez dela faltako nabarmendu du presidente berriak.
Arzallus
ACB Ligan talde bat zuzenduko duen historiako bigarren emakumea da, 1983-1984 denboraldian Pepita Merce CB L’Hospitalet taldea zuzendu ondoren. Presidente berriaren ustez, datu hau ez litzateke albiste izan beharko, “egoera normalizatu bat izan beharko luke”.