Euskararen kasuan, hizkuntza eskakizunak aldatu dituzte Axier jaka EH Bilduko zinegotziaren esanetan.
EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak errespetu falta egotzi dio udal gobernuari. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udal zuzendarien izendapenen inguruan salaketa jarri du EH Bilduk, izendapen horiek “modu arbitrarioan” egin direla egotzita. Kargu berriak aukeratzeko lehiaketa publikoa aurkeztu zuen udalak, baina EH Bilduko zinegotzi
Axier Jakaren esanetan, dagoeneko aukeratu dituzte kargu horietako batzuk.
Donostia Kulturaren zuzendari berriaren kasua aipatu du Jakak; zinegotziaren esanetan, “vox populi” da udaletxean zein izango den kargu hori beteko duen pertsona: “Denok dakigu
Jaime Otamendi izendatuko dutela Donostia Kulturaren zuzendari; vox populi da bulego guztietan. EH Bilduk ez dauka ezer ere ez Otamendiren aurka, baina jolasak utzi ditzala eskatzen diogu Eneko Goiari”.
Zinegotziak zehaztu duenez, lehiaketa publiko baten bitartez aukeratu behar dira beti udal zuzendariak, baina kasu horretan
aukeratutako pertsonaren profilera egokitu dute eskaera: “
Hizkuntza eskakizunak aldatu dituzte lehen aldiz, euskararen kaltetan. Orain arte, eta ez aurreko legegintzaldian bakarrik,
euskara maila C2 eskatzen zen, baina C1-era jaitsi dute; zergatik?“. Euskararen maila berdina eskatzen zuten orain arte zuzendari postu guztietan, baina hiru postutan euskara mailarik ez dutela eskatu salatu du Jakak, hain zuzen ere,
Ingurumeneko zuzendaritzan, Hirigitza Jasangarriko zuzendaritzan eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendaritzan. Gainontzekoetan C1 maila eskatzen dute.
Euskaran eta gardentasunean, atzera pausoak
Jakaren esanetan, aurrez aukeratutako zuzendari horiei jada esan zaie zein kargu beteko duten, eta beraz, lehiaketa publikoetara aurkeztutakoei errespetu falta erakutsi dietela salatu du: “Ez dugu guk bakarrik esaten;
sindikatuek ere protesta egin dute, ez zaielako lehiaketetan parte hartzen utzi”. Euskarari kalte egitearen arrazoiaz galdetu dio zinegotziak Eneko Goia alkateari: “
Hizkuntza eskakizun erabat arbitrarioak erabili dituzte, eta horrek euskaren aurka egiten du”. Jakaren ustez, gobernu eredu berriak
gardentasun falta erakutsi du, eta
euskaran atzera pausoak egiten ari dira: “Alkateari eskatzen diogu ez ditzala itxurak egin lehiaketa publikoekin, eta zuzendari postuetarako izen batzuk buruan baditu, argitu ditzala publikoki”.