Bizilagun taldea, astelehenean egindako bileran. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Errondo pasealekua, 7; Puio kalea, 2-4; Azpeitia kalea, 7… Donostialdeko Metroaren proiektuak trenbidearen ibilbidea zein eraikinen azpitik edo ingurutik igaroko litzatekeen jasotzen du, erakusketa publikoan jarritako dokumentazioaren arabera. Hain zuzen ere, 311 eraikin zerrendatu ditu txostenak. Bakoitzak zenbat solairu dituen, etxaberik duen edo ez eta trenbidea lur azaletik zenbat metrora egongo litzatekeen zehazten du. Datu horiek oinarri hartuta, metroaren proiektuarekin kezkatuta dagoen bizilagun taldeak erabaki du 311 eraikin horietako bizilagunak informatzea, proiektuaren dimentsioaz ohartarazteko, kontutan izanda «informazio gabezia handia» dagoela prozesuan.
Bizilagun taldea astero ari da biltzen Amara Bai auzo elkartearen egoitzan. Duela astebete lehen aldiz azaldu ziren komunikabideen aurrean, alegazioak aurkezteko epea amaitzeko egun batzuk falta zirenean –laurehundik gora alegazio aurkeztu dituzte hainbat herritar, eragile eta elkartek–. Joan den astelehenean, prentsaurreko horren balorazioa egiteaz gain, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren adostu zituzten.
«Gardentasun falta» dagoela ikusita, beharrezkoa ikusten dute herritar guztiengana iristea. Momentuz, 311 eraikin horietan bizi diren auzotarrengana heltzea izango da lehentasuna, egoera zein den bertatik bertara ezagutu dezaten. Haiengana nola iritsi erabakitzeko dago oraindik; postontzietan informazioa utzita planteatu zuten, esaterako. Metroaren txostenak jasotako inbentarioaren arabera, hiru milatik gora familia egon daitezke trenbidearen ibilbidearen perimetroan; Amara, Erdialdea eta Antigua daude ibilbidearen barruan, 4,2 kilometroko lur azpiko trenbidearen inguruan.
Bileran bildutakoek aipatu zuten momentuko lana ez dela metroaren aurkako edo aldeko posizioa defendatzea. Lehenik eta behin, ikusten dute beharrezkoa dela proiektu bat abian dagoela jakinaraztea; «azpiegitura erraldoi bat dagoelako mahai gainean eta donostiar asko oraindik ez delako jabetu egoeraren larritasunaz», bizilagun taldearen hitzetan. Beste erabaki batzuk ere hartu zituzten asteleheneko bileran. Urrian jardunaldi batzuk egiteko asmoa azaldu zuten, arlo desberdinetako adituekin harremanetan jarri eta gero. Herritarrak behar bezala informatzeko bidean etorriko lirateke jardunaldiak, «egitasmoa isilean igaro ez dadin». Izan ere, alegazioak aurkezteko epea noiz ireki duten ikusita, iritzi dute Eusko Jaurlaritzak oharkabean pasa nahi duela tramitazio fasea.
Gainera, Gasteizek juridikoki eztabaidatu daitekeen erabaki bat hartu duela nabarmendu zuten. Alegazioen epea amaitu aurretik, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean proiektua idazten laguntzeko deialdiaren xedapenak argitaratu zituen.