30 eremua izango da kale hau, Karmengo Ama kalea bezala.
Egiako bidegorriaren azken proiektua.
Aurreko udal gobernuak auzotarrekin batera adostu zuen mugikortasun proiektuan zenbait aldaketa egin dituztela azaldu du Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak. Egiako bidegorria egiteko lanak berehala hasiko direla adierazi du, eta lan hauek bidegorrien udal eta foru sarea hobetuko dituztelakoan dago Arana. Abantaila onena foru sarearekin egingo duten lotura da bere ustez.
Egian bidegorria bi adarretan banatuko dute. Behekaldekoa Grosen hasten da, eta Mandasko Dukearen bidez lotzen ditu bi auzoak. Mandasko Duketik Egia kaletik gora egingo du, Loiola eta Martutenera iritsi arte. Bertatik Astigarraga eta Hernanira iritsi ahal izango dira txirrindulariak.
Aurreko planaren arabera, goiko eta beheko adarra Ametzagaina kalean elkartzen ziren. Mugikortasun zinegotziak azaldu du lotura hau kendu egin dutela, “ez zelako ideia ona”. Mugikortasun eta segurtasun arrazoiengatik hartu dute lotura hau kentzeko erabakia: “Ametzagaina kaletik sartzen badugu bidegorria, trafikoa kaltetuko du, eta txirrindularientzako oso arriskutsua izango da, kalea oso estua baita eta aldapa handia baitu. Horrek ezinezkoa egiten du bidegorria egitea trafiko publiko zein pribatuari kalterik eragin gabe”. Ametzagaina eta Karmengo Amaren kaleak 30 eremua izango dira. Halere, Aranak esan du bide arruntetik ere txirrindarekin ibil daitezkeela txirrindulariak.
Aurreko planean autoei Egia kaletik Tejeria kalera sartzea debekatzea aurreikusita zegoen; baina aldaketa hau ez dute beteko. Egia kalean, Karmengo Amarekin elkartzen den gunean, semaforo bat jarriko dute, “txirrindularien segurtasuna bermatzeko”.
Egian bertan, Tabakalera inguruko gunean ere hobekuntza lanak egingo dituztela azaldu du. Bidegorriak lotura izango du Tabakalerarekin, baita Atotxako autobus geltokia eta tren geltokiarekin. Motoentzako aparkaleku berri bat ere egingo dute Mandasko Dukearen kalean. Autoentzako aparkaleku gutxiago -aurreko planarekin konparatuta- kenduko dituztela ere adierazi du. Egia kalean adibidez 14 aparkaleku kendu behar zituzten, eta plan berrian 10. Eta datu orokorrei begiratuta, autoentzako plaza bat gehiago sortuko dute. Egiako goiko partean aparkatzeko leku gehiago jarriko dituzte.
Egiatik Loiolara jaisteko eta Loiolatik Egiara igotzeko bidean ere aldaketak egin dituzte. Bidegorria norabide bakarrekoa izango da, eta norabide bakoitzaren eskuin aldean jarriko dute.