Mikel Azpiroz: "James Brownek 10.000 pezetako eskupekoa eman zigun"
50. Jazzaldian zuzenean joko du Elkano Browning Cream taldearekin batera.
Jazzaldian joko du gaur (uztailaren 24an, Coca Cola gunean, 19:00) eta bihar (uztailaren 25ean, Heineken terraza, 23:00) Elkano Browning Cream-eko taldekideekin batera. ‘Uh Eh’ diskoko kantak joko ditu zuzenean. Gogotsu dago jotzeko, urtebetean ez baitu Donostian zuzenean jotzeko aukerarik izan. Elkano Browning Cream taldearekin batera Jazzaldiaren hiru ekitalditan jotzeko aukera izan du.
Jazzaldiarekin hazi dela esan daiteke, 12 urterekin hasi baitzen Jazzaldiaren emanaldietara joaten. Jaialdiaren programazioan jotzeko lehen aukera 90eko hamarkadan izan zuen, Lau Behi taldearekin batera. Eta ondoren Jazzaldian bertan lan egin zuen.
Bere ustez, Jazzaldia beti izan da izen berriak ezagutzeko aukera izugarria, “batez ere Internet existitzen ez zen garai haietan, eta musika lortzea zailagoa zen urteetan”. Memorian iltzatuta du Abdullah Ibrahim pianistak 1998. urtean emandako kontzertu bat: “Kontzertu magikoa izan zen. Trinitate plazan erabateko isiltasuna lortu zuen. Oso kontzertu espirituala izan zen, zoragarria”.
Gogoan du baita ere James Brown etorri zenekoaz. Zuzenean jotzeko hamaika jantzi ekarri zituen, bai beretzako eta bai bere taldekide guztientzako. Aireportura eraman genuen eta 10.000 pezetako eskupekoa eman zigun”. Irutxuloko Hitzari 50. Jazzaldirako proposamen batzuk gomendatu dizkio.
Musikari donostiarrak