Benny Golson saxofoi jotzaile eta konpositoreak Donostiako Jazzaldia Saria jaso du.
Benny Golson musikari eta konpositoreak Eneko Goia alkatearen eskutik jaso du saria. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinek ekarri du gogora nor den Benny Golson (Philadelphia, AEBak, 1929): “Titan bat izan zen, jazz saxofoi jotzaileen titanen garaian. Belaunaldi galaktiko baten parte izanik, instrumentista gisa zuen dohaina erakutsi behar izan zuen. Art Blakeyren
Jazz Messengers taldeko pieza garrantzitsua izan zen eta Art Farmer tronpeta-jotzailearekin batera, 60ko hamarraldiko banda enblematiko bateko kide ere izan zen:
The Jazztet“. Agertokia partekatu du jazzaren entziklopedia guztiarekin, eta ostiralean Kursaalen eman zuen zuzenekoarekin harrituta utzi zuen publikoa.
Pozik jaso du saria Golsonek: “Hau izugarria da”, esan du saria esku artean hartu duenean, eta musu bat eman dio Trinitate plazaren irudia daraman sariari. Philadephian zenean, eta amateur gisa ari zenean, Europara etortzearekin egiten zuela amets kontatu du. AEBetatik kanpo saritu duten lehen aldia dela aitortu du, eta gertatzen ari zena sinisteko azalari atximurka egiten ari zitzaiola. Saria New Yorkeko bere etxean jarriko duela azaldu du, eta jendeak jendea bisita egiten dionean, jendea saria ikustera behartuko duela.
Gaur eguerdian jaso du Donostiako Jazzaldia Eneko Goia alkatea eta Miguel Martin zuzendariaren eskutik. Saria ematerakoan Philadelphiako garaiak izan ditu hizpide, eta musikan nola hasi zen kontatu du. Saxofoi jotzailea bada ere, musikan pianoarekin hasi zen, 9 urterekin. Pianista klasikoa izango zela uste zuen, eta gogor entseatzen zuen. 14 urterekin, ordea, iritziz aldatu zuen.
Arnette Cobb saxofoi jotzaileari entzun zion jotzen, eta saxofoiarekin maitemindu egin zen: “Amari esan nion, ‘Ez dut piano gehiago nahi. Saxofoia jo nahi dut’. Ama kezkatu egin zen hasieran, ‘drogazale izango zara’. Ezetz esan nion, soilik ‘musikazale’ izango nintzela. Eta pixkanaka saxofoia ikasten hasi zen.
John Coltrane-ekin entseatzen zuen etxean: Amateurrak ginen biok, baina azkar ikasi genuen elkarrekin”. Ondoren Coltrane Miles Davisen bandan sartu zen. Eta Golsonen
Stable Mates kanta eraman zion Davisi. Orduan hasi zen konpositore gisa ospe ona lortzen.
Jazzaren etorkizuna esku onetan dagoela plazaratu du Golsonek. Berak eskolak eman izan dituela, eta askotan irakasleak ikasle gazteengandik ere ikasten duela. Bere ustez musika oso azkar egiten ari da aurrera. Bera eskolan zenean ez ziotela saxofoia jotzen uzten esan du, klarinetea jotzera behartzen zutela. Eta eskolako sotoan jotzen zuela ezkutuan. Geroago, eskola berean saxofoia irakasteko eskatu zioten. Musikan bakoitzak nahi duen estiloa egin behar duela azaldu du: Jendeak jo behar du benetan sentitzen duena”.