Bilduk eta Irabazi Donostiak mozio bat aurkeztu dute, zezenketen aurkako plataformak eskatuta. Adierazpenak ez du aurrera egin, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu eta gero.
Zezenketen aurkako herritar batzuk udalbatzarrean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EH Bilduk eta Irabazi Donostiak mozio bat aurkeztu zuten atzoko udalbatzarrean, Aste Nagusian zezenketak berriro egiteko erabakia dela eta, Donostia Antitaurina Orain plataformak eskatuta. Donostiak bere burua hiri antitaurinotzat jotzea eskatu zuten testuan, besteak beste. Bada, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten, zezenketak legezko jarduera bat direla argudioarekin. Horrenbestez, Bilduren eta Irabazi Donostiaren botoak ez ziren nahikoak izan mozioak aurrera egin zezan.
Udal taldeek eztabaida egiten zuten bitartean, udalbatzarren aretoan zezenketen aurkako hainbat herritar bildu ziren, elastiko gorriak soinean. Bozketa bertatik bertara jarraitu zuten, eta PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok emandako azalpenekin bereziki azaldu zuten euren haserrea. Gascok adierazi zuen aurka bozkatu zutela, «debekuen kontra» daudelako. Era berean, legezko jarduerak defendatzen dituztela berretsi zuen, eta, hortaz, mozioa babesteko ez zutela arrazoirik ikusten azaldu zuen. Azkenik, PSE-EEko bozeramaileak Bilduren «inkoherentzia» salatu zuen, «Iruñean edo Azpeitian zezenketen aurka ez dagoelako». Iruñeko alkatearen argazki bat erakutsi zuen orduan, sanferminetan, zezen plazan zegoela. Antzeko argudioak erabili zituzten PPk eta EAJk. PPko bozeramaile Miren Albisturrek esan zuen «ulertu» eta «errespetatu» egiten dituela zezenketen aurkako iritziak, baina zehaztu zuen zezenketen aldekoak ere onartu behar direla.
EAJko zinegotzi Juan Ramon Vilesek, berriz, mozioaren egokitasuna zalantzan jarri zuen: «Ez dugu ulertzen zergatik udalak mozioa babestu behar duen, zezenketak legezkoak direlako; gainera, udalak ez du legaltasuna aldatzeko eskumenik».
Donostia 2016
Bilduk eta Irabazi Donostiak aurkeztutako mozioaren arabera, «udal instalazioetan animaliei tratu txarra edo sufrimendu fisiko nahiz psikikoa ekartzen dion edozein ekitaldi publiko egitearen kontra» egon beharko luke udalak. Zezenketak «Donostiako kultur balio bat» ez direla garbi utzi beharko luke, eta, hortaz, «ez dugula sustatu behar ez 2016ko Kultur Hiriburutzari begira ez Europari begira ere».
Testuak eskatutakoaren arabera, udal instalazioak alokatzeari edo lagatzeari buruzko arauak aldatu beharko lituzke udalak, «haietan zezenketarik egin ez dadin». Horrekin batera, «animalien errespetu eta ongizatearekin bateragarri diren beste ekintza batzuetarako» erabili beharko lituzke instalazioak.