'Isiltasuna dantzatuz' izango da Aste Nagusirako iragarritako jardueretako bat. Ikuskizun horren erakustaldi txiki bat egin dute, jai egitarauaren aurkezpenaren aurretik.
Ondarretan egin dute Aste Nagusiko jai egitarauaren aurkezpena. (Argazkia: A.Urrutikoetxea)
Ondarreta hondartza jarduerak egiteko espazio moduan berreskuratuko dute aurtengo Aste Nagusian. Asteazkenean aurkeztu zuten egitaraua Eneko Goia Donostiako alkateak eta Alfonso Gurpegui Festak jardueretako zinegotziak. Guztira 400 ekitaldi eskainiko dituzte hirian, abuztuaren 8tik 15era. Berritasun nabarmenena Ondarretako hondartza berreskuratu izana da; alkateak azaldu zuenez, Antiguako bizilagunen aspaldiko eskaera da hondartza eta auzoko beste hainbat espazio festen gune izan daitezen, eta, beraz, Aste Nagusian ere ekitaldiak antolatuko dituzte bertan.
Hain zuzen ere, zinema eta bestelako ikuskizunak eskainiko dituzte hondartzan: Ondarretako gauak lelopean, hiru film eskainiko dituzte gauean, su artifizialen ondoren. Bestalde, Ondarretan eskainiko dituzte fusioko hainbat musika emanaldi, hala nola, Euskal Herriko dantza tradizionala flamenkoarekin eta dantza garaikidearekin eta zeinu mintzairarekin nahastutako ikuskizunak. Bestalde, kubako bertsolaritza eta cante jondoa ere ikusgai izango dira; hip-hop gaua ere egingo dute hondartzan.
Aste Nagusia abuztuaren 8an hasiko da, larunbatarekin. Ohiko kanoikadarekin abiatuko dute festa, 19:30ean. Aurten, ekitaldiko protagonistak Ama Birjinaren Eskola Elkartea eta Easo Abesbatza izango dira, haiek kantatuko baitute Artillero, 75. urteurrena bete dutelako.
Ekitaldiaren aurretik, Los Bebes de la Bulla, Gauerdi eta Taupada taldeek jarriko dute giroa, eta herritarrei kanoikadara etortzeko gonbita egingo diete.
Aste guztian zehar adin eta zaletasun guztiak asetzeko moduko jarduerak egongo dira hirian: erraldoi eta buruhandien konpartsa egunero ibiliko da hiriko auzoetan barrena; zezensuzkoen entzierroa; su artifizialen nazioarteko lehiaketa; erromeriak; herri kirolak; Urrezko Kopa, Donostiako hipodromoan; Piraten abordatzea, abuztuaren 10ean; euskal dantzak, Konstituzio plazan; musika banden emanaldia, Bulebarrean; DJ gauak, Kursaaleko terrazetan; antzerkia, Gipuzkoa plazan; zezenak, Illunben; eta Urumeako arrantza lehiaketa, besteak beste.
Aste Nagusiak ere jarduera berriak izango ditu. Horrela, abuztuaren 8ko txistularien alardean Jose Mari Usandizaga omenduko dute, 20:30ean, Konstituzio plazan. Aurten, gainera, lehiaketa gastronomiko bat izango da gazteentzat; bertako produktuak erabilita lehiatu beharko dute, Bretxan, abuztuak 9an. Horrez gain, bertsolariak egongo dira Aste Nagusian; saio berezi bat egingo dute abuztuaren 14an, suen ondoren, Konstituzio plazan, emakume bertsolariekin bakarrik.
Piratek, lau gune finko
Donostiako Piratek, bere aldetik, Aste Nagusian proposatuko duten kultur egitarauaren berri eman dute. Musika taldeak, bakarlariak, bertsolariak, antzerkiak, poesia errezitaldiak eta bestelakoak eskainiko dituzte, abuztuaren 8tik 16ra.
Berrikuntza moduan, lau gune finko izango dituzte: La Flamenka, Nautikoa, Trinitate plaza edo Kantina Pirata eta Guardetxea. Abuztuaren 15ean, Su Ta Garrek La Flamenkan joko du; bezperan, Kepa Junkera ariko da.