Jazzaldiko zuzendari Miguel Martin oso pozik dago 50. ekitaldiak emandakoarekin. Hurrengo urtekoa ere berezia izango dela aurreratu du, 2016. urteko Europako Kultur Hiriburutza dela eta.
Benny Golson, ostiralean, Donostiako Jazzaldia Saria esku artean duela. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Jazzaldiaren 50. ekitaldiko balantzea egin dute jaialdiko zuzendari Miguel Martinek eta udaleko Kultur ordezkari Miren Azkaratek. «Munduko gainontzeko jaialdiek inbidia digute», esan du Martinek.
Jazzaldiko zuzendariaren arabera, publikoaren erantzuna oso ona izan da, eta, guztira, 124.000 lagun baino gehiagok gozatu dute jaialdiarekin, doako zein ordainpeko kontzertuak kontuan izanda. Zehazki, ordainpeko kontzertuek 18.881 ikus-entzule jaso dituzte; eta doako kontzertuetatik, berriz, 105.450 lagun igaro dira. Hain zuzen ere, uztailaren 22tik 26ra 17 agertokitan ehun emanaldi baino gehiago jaso ditu Jazzaldiak –horietako %80, doakoak–, eta «maila artistiko bikaina» izan dute kontzertuek, arduradunen arabera.
Euria bi egunetan egin duen arren, kontzertuetan jendetza handia bildu dela azpimarratu dute; Trinitate plazako sarrerak agortu egin ziren, eta Zurriolako Agertoki Berdea eta Kursaaleko Terrazetan «giro bikaina» egon zela nabarmendu dute.
Artistek espero zutena baino gehiago eman dutela esan du Martinek: «Publikoaren erantzuna 50. jaialdirako guztiek nahi genuena izan da, eta musikariek dena eman dute. Jamie Cullum, adibidez, zerbait desberdina egitera etorri zen, eta egin du». Hain justu, Cullumek hiru agerraldi egin ditu: Agertoki Berdean DJ gisa, Kursaal Auditorioan bakarlari moduan –pianoa, gitarra eta ahotsa erabiliz–, eta Trinitate plazan, big band baten buru.
Trinitate Plazan aritu ziren emakume abeslari guztiek publikoa liluratu zuten, arduradunen arabera. Txikijazzi dagokionez, hirugarren urtez arrakastatsua izan dela esan dute. Jaialdiak belaunaldi berrietara iristeko asmoz antolatzen du Txikijazz, haur eta gurasoen parte hartzearekin. Haurrek lehen aldiz jazz doinuak entzuteko aukera izan dute, eurentzat egokituak izan diren kontzertuen bitartez, eta 7.100 lagunek ongi pasatu dute programatutako jardueretan.
Berezia izan da aurtengo Jazzaldia, mende erdia bete baitu, baina datorren urtekoak ere zeresana ematea nahi dute, Donostia Europako Kultur Hiriburu izango baita 2016an. Argi utzi dute Poloniako jazzak presentzia handia izango duela, Wroclaw hiriarekin partekatuko baitu Donostiak hiriburutza. Hortik aurrera, ezer gutxi aurreratu du Miguel Martinek: «Eskuartean zortzi proiektu inguru ditugu 2016ari begira. Oso proiektu handizaleak dira, eta denak ez dira aurrera aterako».
New Yorkera eraman du saria Benny Golsonek
Benny Golson saxofoi jotzaile eta konpositoreak Jazzaldia Saria jaso zuen ostiralean. «Izugarria da», esan zuen saria esku artean hartu zuela, eta musu bat eman zion Trinitate plazaren irudia daraman oroigarriari.
Philadelphian zenean, eta amateur gisa ari zenean, Europara etortzearekin egiten zuela amets kontatu zuen bere agerraldian. AEBetatik kanpo saritu duten lehen aldia dela aitortu zuen, gertatzen ari zena sinisteko azalari atximurka egiten ari zitzaiola. Saria New Yorkeko bere etxean jarriko duela azaldu zuen, eta jendea saria ikustera behartuko duela esan zuen.