Aingura kofradia La Flamenkatik irten da, Txarangazoren erritmoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Piraten jaiak ez du etenik! Asteleheneko Abordatzea izaten da urtero piraten jai handia, baina argi geratzen ari da urtez urte, badituztela partaidetza bultzatzen duten jarduera gehiago ere. Elektrotxarangen II. Topaketa egin dute gaur arratsaldean. Hala, kofradia bakoitzak elektrotxaranga batekin egin du poteoa, eta ondoren, denak elkarrekin batzekoak ziren La Flamenkan.
Zalantzarik gabe, dantzagiroa eta alaitasuna zabaldu dute elektrotxarangek hiriko kaleetan barrena, inguratu diren guztiak dantzan jarriz. Parte Zaharrean barrena ibili dira gehienak: Pirata Bihurriak Azpeitiko Skandalue taldearekin irten dira Lastatik; Aingura Kofradia La Flamenkatik abiatu da Portugaleteko Txarangazorekin; Xibaro eta Kalepoza, berriz, Gasteizko Ttek taldearekin ibili dira Trinitate plazatik irten ostean; eta Eskifaiakoek Nautikoan hasi dute bidea, Txorierri bailarako Skatu taldearekin. Sardiñerak Bretxatik irtetekoak ziren; Ubarroiak Grosetik; Traganarruak Intxaurrondoko Letaman gaztetxetik; eta Filibusteroak Antiguako Gaskonia plazatik.