Matti eta Ezkila kapitainak, ospitaleko haur batekin. (Argazkia: Irati Elizalde)
Piraten Aste Nagusiak ez du mugarik, eta halaxe erakutsi dute gaur goizean. Izan ere, Donostia Ospitalea hartu dute piratek, eta festaz gozatzeko aukera eman diete bertan zeuden haur zein helduei. Trikitixa eta pandero jotzaileen laguntzarekin, Ezkila kapitaina, IRUTXULOKO HITZAk ordezkatzen duen Matti eta kofradia guztietako hainbat lagun elkartu dira.
Ospitaleko arduradunek espero zutena baino pirata gehiago gerturatu dira; beraz, umeen guneetatik igaro ez ezik, helduak dauden geletatik pasatzeko aukera ere izan dute piratek. Musikarekin batera, abesten eta dantzatzen ibili dira guztiak, eta jai giro bikaina sortu da. Matti eta Ezkilak txikienei opariak eman dizkiete, eta helduek zein ospitaleko langileek Donostiako Piraten zapi bana jaso dute.