Pilota ikastaroa egin dute goizean Trinitate plazan, Iñaki Fernandez Alde Zaharra Kirol Elkarteko presidentearekin.
Haur eta helduak izan dira Trinitate plazako pilota ikastaroan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Haur eta helduek
pilota ikastaroa egin dute goizean
Trinitate plazan,
Iñaki Fernandez Alde Zaharra Kirol Elkarteko presidentearekin. Aste Nagusiko programazioaren jardueretako bat da pilota, eta Fernandezek ordubeteko saioa egin du bertaratuekin. Aurretik izen emanda zeuden hamalau haurrekin batera, azken unean kuriositatez hurbildu diren hamar bat heldu ere animatu dira pilotan jolastera, eta giro polita sortu da txiki eta helduen artean.
Fernandezek borobilean bildu ditu hasi berriak, eta boteak egiten jarri ditu lehenik: “Pilotarekin boteak egiten jakitea da sekretua; horrek eragin zuzena du ondoren jokoan”. Boteak eman ondoren, haurrak barrenera jolasten hasi dira, eta helduak berriz, hainbat Fernandezen ikasgaiei adi jarraitu dute: “Oinetako egokiak ekarri behar dira, sandailak eta txankletak ez dira onak”. Banan-banan, Trinitate plazako paretaren aurka saiatzen hasi dira, teknika harrapatzeko.
Helduen artean baziren
Frantzia, Argentina eta Herrialde Katalanetako bisitariak, eta primeran pasa dute pilotari eman eta eman. Baten batek jokoa utzi du, eskua gorrituta: “Hori ohitu harte gertatzen da, eskua gogortu egin behar da ondo jokatzeko”.
Denek berotu dutenean, hasi dira haur eta helduak batera
barrenera jolasten; helduen harridurarako, txikienek segituan hartu dute abantaila. Irabazle eta bigarren onenaren artean binakako txapelketa antolatu dute ondoren, sei puntura. Helduek bero txalotu dute txapelketa.
Fernandezen esanetan, geroz eta gehiago dira kuriositatez pilotara hurbiltzen diren helduak eta turistak, eta haientzat ikastaro bereziren bat antolatzeko ideia dauka buruan. Dena den, haurrak dira bere helburu nagusia, pilotaren etorkizuna beren esku dagoelako: “Garrantzitsua da haurrak kirol honetara erakartzea, eta jolastu dezaten espazioak izatea, bestela, pilota galdu egin daiteke”. Atzo ere pilota partidak antolatu zituzten, 60-100 haurren artean: “Ikusgarria egin behar dugu kirol hau; hemen 28 urte daramagu pilota irakasten, eta hala jarraitzeko asmoa dugu”.