Aste Nagusiko ohiko hamaiketakoa egin dute gaur udaltxean, eta Eneko Goia Donostiako alkateak bertara gonbidatu ditu Bilbo, Gasteiz, Donibane Lohizune eta Iruñeko alkateak.
Udaletxean urteroko hamaiketakoa egin dute, Aste Nagusia baloratzeko. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Urtero bezala,
Aste Nagusiko hamaiketakoa egin dute gaur udaletxean. Bertan,
Eneko Goiak ongi etorria egin die zinegotzi, elkarte eta norbanakoei, eta inguruko produktuekin osatutako otordu oparoaz disfrutatu dute udalbatzar aretoan bildutakoek. Gonbidatu bereziak izan ditu aurten Goiak, bertan izan baitira
Bilboko alkate Juan Maria Aburto, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Donibane Lohizuneko alkate Peyuco Duhart, eta Iruñeko alkate Joseba Asiron.
Haiekin batera, udaleko zinegotziak ere gerturatu dira hamaiketakora, eta bertan izan dira
EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PPko ordezkariak.
Irabazi Donostiakoak aldiz, ez dira agertu; Amaia Martin alderdiko bozeramailearen esanetan, hamaiketakoa diru publikoa “alferrik” gastatzea da: “Hamaiketakoa egitea diru publikoa modu ez egokian gastatzea dela iruditzen zaigu, herritarrentzat garrantzirik edo eraginik ez duen jarduera batera bideratzen delako”.
Alkateak
Aste Nagusiaren lehen egunen balorazioa egin du, eta bertaratuei eskerrak eman dizkie, jaiak antolatzeagatik: “Dagoeneko lau eguneko jaiak egin ditugu, eta beste lau gelditzen diren arren, eskerrak eman nahi dizkizuet denoi, zinegotzi, elkarte eta eragile guztiei, Aste Nagusia posible izan dadin ekarpen baliotsua egiten duzuelako”. Goiaren esanetan, udal langileek “lan bikaina” egin dute, eta dibertitzeko ordua iritsi dela aldarrikatu du: “Guztion artean egindako lanari esker, giro aparta dabil hirian; eskerrak eman nahi dizkizuet, hiria bizirik baitago zuen lanari esker”.
Donostia 2016 geroz eta gertuago dagoela gogora ekarri du alkateak, eta udaletxera gonbidatutako alkateei parte hartzeko gonbita egin die, indarrak batzeko: “Donostia 2016 erronka garrantzitsua da hiri honentzat, eta erakuslehio aparta izango da datorren urtean; horregatik, hemen bildu zareten inguruko hirietako alkateei zuen presentzia eskertu nahi dizuet, hirien arteko loturak estuak direla eta elkarrekin lan egingo dugula erakutsi dugulako”. Udaletxean bildutako alkateek ere, beren burua eskaini dute etorkizunean elkarlanean aritzeko.
Donibabe Lohizune, Bilbo, Gasteiz eta Iruñako alkateak bidu dira Eneko Goiarekin. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)
Hain zuzen ere,
Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik hitz egin du alkatearen ondoren, eta proiektuaren aurkezpen txiki bat egin die bertaratutakoei: “Zaila da hitz gutxitan Donostia 2016 zer den azaltzea, baina oinarrian, proiektuak kultura, bizikidetasuna eta parte hartzea bilduko ditu. Datorren urtarrilan hasiko da indar handiarekin, eta jada oso bideratuta doa programa guztia”.
Hegaluze, tomate eta sagardo arteko solasaldiak
Balorazioen ondoren, bertaratuek bapo bete dituzte sabelak mahai gaineko produktuekin; elkarren arteko berriketak ere orduan hasi dira.
Jaietako zinegotzi Alfonso Gurpegiren esanetan, aurtengo Aste Nagusiak norantza positiboa dauka, datu ofizialik jaso ez duten arren oraindik: “Urtero esaten da berdina, baina ziur gaude inoiz baino jende gehiago ari dela Aste Nagusiko ekitaldiekin disfrutatzen. Ohiko ekitaldiek arrakasta daukate, esaterako su artifizialak eta Sagueseko kontzertuek; Piraten jaiak ere oso harrera ona izaten ari dira, abordaia adibidez. Nabarmentzekoak dira auzoetan egiten ari diren jarduerak, eta irrikaz gaude Ondarretako zinema ekitaldiak izango duen harrera ikusteko”. Gurpegiren esanetan, Aste Nagusi honek ez du ia arazorik izan: “Zezen suzkoarekin erretako haurra izan da ezbeharrik larriena, baina bestalde, oso festa lasaiak izaten ari dira. Ea eguraldiak eusten dion!”.
EH Bilduko zinegotzi Josu Ruizek eta
Turismoko zuzendari Manu Narbaezek ere balorazio positiboa egin dute orain arteko Aste Nagusiari buruz. Narbaezen esanetan, auzoetan mugimendu handiagoa nabari da aurten, eta horrek hiriaren erdiguneari mesede egiten diola adierazi du. Ruizek berriz,
zezenketek Aste Nagusiaren irudia “zikintzen” dutela aipatu du: “Urtero bezala, oso giro hona dabil hirian; pena da zezenketek hori iluntzea”. Zinegotziak salatu du ez diola hiriari mesederik egiten Juan Carlos Iaren etorrerak eta telebista kateek ikuskizun hori zabaltzeak.
Elkarte eta eragileak, Aste Nagusiko protagonistak
Zinegotzi eta udaleko lankideekin batera hamaiketakoan izan dira hainbat elkarte eta eragile; horrela, Aste Nagusiko egitaraua osatzeaz arduratzen diren elkarteetako ordezkariak izan dira bertan. Aurtengo protagonistetako baten ordezkari moduan izan da
Santos Sarasola, Easo abesbatzaren zuzendaria; Aste Nagusiaren txupinan Artillera abestia abesteaz arduratu zen abesbatza, beren 75. urtehurrena ospatzeko. Sarasolaren esanetan, aurten urte berezia izaten ari da abesbatzarentzat, eta agenda bete-betea daukate; hain zuzen ere, Aste Nagusiari ezin hobeto esango diote agur, Musika Hamabostaldiko Tosca operan parte hartuz: “Ekitaldi berezia izango da asteburukoa, operan abesbatzako helduek zein haurrek parte hartuko dutelako”.
Musikarekin batera, kirolak ere bagu bere protagonismoa Aste Nagusian. Hamaiketakoan izan dira Iñaki Aranaren omenez
Zurriolan errugbia antolatu dutenak, Pablo Dacunto, Josean Agote eta Iñigo Arana. Zurriolako hondartzako errugbi saioek eman zioten hasiera Aste Nagusiari larunbatean, eta adin guztietako 30 taldek parte hartu zuten.