Kaian jarritako tauletako bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Astero 760 kilometro eta 235 euro, batez beste. Horixe da sakabanaketak eragiten duen kalte materiala familia bakoitzean, istripuak eta bestelako kalteak kontutan hartu gabe. Xibaro kofradiak eta Ezkila kapitainak, Sare plataformarekin batera, Espainiako eta Frantziako estatuek bultzatutako “politika anker” hori salatu dute gaur, Kaian egindako ekitaldi batean. Hariekin elkartasun sare bat osatu dute, bertaratu diren herritarren laguntzarekin.
Euskaraz ez ezik, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez ere adierazpen bat irakurri dute, euskal presoen eta euren familien egoera zein den azaltzeko. Ziega bat irudikatu dute, eta informazio taulak jarri dituzte sakabanaketa datuekin islatzeko. 463 preso daudela kontutan hartuta, familia guztien artean 18.307.020 kilometro egiten dituzte urtero, kartzeletako joan-etorrietan; urtean 5,6 milioi euroko gastua dakar horrek.