Entzierro Txikian ibili dira haur piratak
Pirata Bihurriek antolatuta, zezenik gabeko entzierroa egin dute Parte Zaharrean.
Hemen gatoz piratak entzierro txikira ondo pasatu eta bihurri izatera!
Abestia primeran ikasita, zezenei deiadar egin diete haurrek indar guztiekin. Jarraian, txupina bota dute azken pisuko balkoitik, eta ziztuan atera dira zezenak, ur pistolak adar modura jantzita. Ziztu bizian korrikan hasi dira ere haurrak, zezenek ez bustitzeko kaleetatik bata bestera ezkutuan. Entzierroa azkarra eta garbia izan da, eta Parte Zaharra zeharkatuta, pirata bihurriek Kairaino eraman dituzte zezenak, jada ur munizioa erabat agortuta.
Entzierroa amaituta, egun oparoa dute gaur haur piratek; egun osoko protagonistak izango dira, eta 17:30ean Abordaia Txikia egingo dute.