'Mad Max: Fury Road' filmak FIPRESCI Sari Nagusia jasoko du Zinemaldian
Urteko film onenaren saria lortu du George Miller-en filmak.
Mad Max: Fury Road filma da urteko onena. 2015eko FIPRESCI Sari Nagusiaren bozketan Federazioko 493 kidek hartu dute parte, mundu osokoak, eta mundu-mailan 2014ko uztailaren 1aren ondoren estreinatutako filmen artean egin dute hautaketa. Lehen txandatik, azken bozketa atera zen, lau finalisten artean aukeratzeko: Saul Fia / Son of Saul, Nie yinniang/ The Assassin, Taxi Teheran eta Mad Max:Fury Road.
FIPRESCI Zinematografiako Prentsaren Nazioarteko Federazioko kideen iritziz
Mad Max: Fury Road joan den Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu zen, Sail Ofizialean eta lehiaketaz kanpo. Lehen aldia da George Millerren film batek FIPRESCI Sari Nagusia eramaten duela; 1999. urtean saria sortu zenetik, besteak beste, Richard Linklater, Michael Haneke, Paul Thomas Anderson, Jafar Panahi, Pedro Almodovar, Jean-Luc Godard eta Nuri Bilge Ceylan izan dira sariaren irabazleak.
Mad Max: Fury Road iragan maiatzaren 15ean estreinatu zen Espainian, Warner Bros. Picturesen eskutik, eta Donostia Zinemaldian emanaldi berezi bat izango du, irailaren 18an, George Millerren presentziarekin. Millerri inaugurazio-ekitaldian emango diote saria.