Poesia Orduak izeneko jarduerak bi saio eskainiko ditu, irailaren 7 eta 8an, Viktoria Eugeniako Klub aretoan.
Euskal Idazleen Elkarteko presidente Jasone Osoro eta Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuko zuzendari Arantza Urkia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostia Kulturako Festak sailak eta Liburutegi Zerbitzuak bederatzigarrenez antolatu du
Poesia Orduak jarduera,
Euskal Jaien barruan. Euskal Idazleen Elkartearen laguntzarekin, doakoak izango diren bi saio prestatu dituzte, irailaren 7 eta 8an, 20:30ean, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan. Horien berri eman dute gaur goizean Euskal Idazleen Elkarteko presidente Jasone Osorok eta Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuko zuzendari Arantza Urkiak. “Literatura beti liburuekin lotu izan dugu, baina azken urteotan jauzi bat egin du. Izan ere, idazleak plazan erakusten du bere literatura eta irakurleekin harremanetan jartzen da”, azaldu du Osorok.
Hala,
irailaren 7an, astelehena,
Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ eta Ixiar Rozas igoko dira oholtzara. Bertan,
Beltzuria (2014) liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko dute,
eta Plastika (2013) ikuskizunaren testu eta materialak aurkeztuko dituzte. Hala, bi lanak uztartuko dituzte lehen aldiz. “Biek ohitura dute plazaurrean agertzeko, eta oso berritzaile eta esperimentalak dira. Hoberena bertaratu eta ikustea izango da”, adierazi du Osorok.
Irailaren 8an, asteartea,
Karmele Jaio izango da protagonista. Ostegunean argitaratuko duen
Orain hilak ditugu liburuan oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko du. Idazleak argitaratzen duen lehenengo poema liburua da. Oholtzan, ikus-entzunezko jarduera bat eskainiko du: Jaiok errezitatuko du, Ander Elorzaren irudiak ikusi ahal izango dira eta musikak ere tartea izango du.
Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte, eta sartu ahal izateko gonbidapena jaso beharko dute bertaratzen direnek. Gonbidapenak 17:00etatik aurrera banatuko dituzte, Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan.