Elkarteak, eskolak, emakumeek egindako kirola eta herri kirola babestuko dituzte Martin Ibabe Kirol zinegotziaren esanetan.
Kirol jardueretara bideratuko duten dirulaguntzaz mintzatu da Kirol zinegotzi Martin Ibabe. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostia Kirolak
740.000 euro bideratuko ditu hirian
kirola sustatzeko lanean diharduten elkarteentzat. Laguntza elkarte, eskola, emakumeek egindako kirol eta herri kirolei zuzenduta dago, eta
hilaren 25a arte laguntzak eskatzeko epea irekita egongo da, eskolak salbu (ekainean amaitu zen laguntza horiek eskatzeko epea). Kiroletako zinegotzi
Martin Ibabek aurkeztu ditu laguntzak, Donostia Kirolakeko zuzendari
Leire Landarekin batera.
Ibabek azaldu duenez,
eskola kirola, emakumezkoen kirola, herri kirolak eta kirol egokitua lehenetsiko dira, betiere, Donostia Kirolaren plangintza estrategikoaren ildoak kontuan hartuta. Horren harira, Ibabek adierazi du, geroz eta garrantzi handiagoa dutela hirian emakumezkoek egindako kirolak, herri kirolek eta kirol egokituek. Hori dela eta, Donostiako Udalak kirol horiek hazten jarraitzen laguntzeko konpromisoa berretsi du.
Eskola kirolari ere garrantzia eman dio zinegotziak, eta bere esanetan, hiritarrek kirola egiteko ahalik eta baldintza egokienak izateko helburua dute dirulaguntzek: “Kirola oso garrantzitsua da hiriarentzat, izan ere, Donostian antolatzen diren kirol-ekitaldiek, bai profesionalak bai herrikoiak, jende asko ekartzen dute hirira eta, horrek, ekonomian eragina du”. Iaz, Donostian antolatutako kirol jardueratan
62.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zutela gogoratu du zinegotziak.
Landak, halaber, azaldu du onartutako
740.000 euroak hiru ildotan banatuko direla: “Lehena da
kluben ohiko funtzionamendurako da. Horretarako
400.000 euro bideratuko dira. Diru-laguntzak emateko kontuan hartuko dira lizentzia federatuak, taldeak lehiatzen diren maila, klubek zenbat sekzio dituzten, eta Uda kanpainan antolatzen dituzten jarduerak”. Landak azaldu duenez, iaz, hiriko 71 klubek jaso zuten diru laguntza hori.
Donostia Kirolaken zuzendariaren arabera, bigarren ildoa,
Eskola Kirola da.
230.000 euro bideratuko dituzte, 200.000 euro eskolen egitura garatzeko eta 30.000 euro monitoreen formaziorako. Iaz, 40 eskolek jaso zuten laguntza.
Azkenik,
ez-ohiko kirol-jardueren antolaketarako
110.000 euro bideratuko dira: 22.000 euro lasterketa herrikoiak, mendi ibilbideak edo piragua ibilbideak bezalako jarduerak laguntzeko izango da; 47.300 euro hirian egiten diren kirol txapelketak sustatzeko izango da (besteak beste, Maraotia, Triatloia, Donosticup, Errege Krosa etabar); eta 40.700 euro pilota eskolak, txapelketa herrikoiak eta errendimenduko txapelketak laguntzeko izango da.