Igeldoko jolas-parkeak gaur eta bihar irekiko ditu ateak, 17:00etatik 2:00etara. Vetusta Morla, Angel Olsen, Yo la tengo, The Strypes eta La habitacion roja taldeek joko dute.
Kutxa Kultur Festibalean arituko da Albert Cavalier taldea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ate joka dago aurtengo Kutxa Kultur Festibala. Urtero legez, Kontxako Banderaren lehen asteburuarekin bat egingo du Igeldoko musika jaialdiak, eta aforo guztia betetzea espero dute antolatzaileek. Ostiralean hasi eta larunbatean izango du jarraipena.
Sergio Cruzado Ginmusic-eko arduradunaren arabera, 5.500 lagun inguru bilduko dira Igeldoko jolas-parkean, sarreren salmenta bide onetik joan eta gero. Zehazki, 35 euro balio du egun baterako sarrerak; bi egunetarako txartelak, berriz, 55 euro. Jaialdiko talde nagusiak Vetusta Morla, Angel Olsen, Yo la tengo, The Strypes eta La habitacion roja izango dira.
Kontzertu nagusiak Igeldoko jolas-parkean izango dira, 17:00etatik 2:00etara, ostiralean eta larunbatean. Gainera, jaialdiak irauten duen bitartean, jolas parkeko atrakzio guztiak zabalik egongo dira.
Skunkfunk arropa markak egin du jaialdiko merchandising ofiziala. Hala, jaialdian bertan jarriko duten postuan aukera egongo da arropa horiek erosteko, baita jaialdian arituko diren taldeen diskoak ere.
Ondoren, Egiako Gazteszenan jarraituko du jaiak, 2:00etatik 7:00etara.
Jaialdira joateko, autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte. 14. lineako autobus zerbitzua doakoa izango da, 16:00etan hasita, sei minuturo. Londres hotelaren ondotik aterako da, Ezeiza hotelaren parean egingo du geldialdi bat, eta hortik zuzenean igoko da Igeldora. Bestetik, ohiko 16. lineako autobusa, txartela ordainduta, 30 minuturo irtengo da Bulebarretik. Funikularrez ere egongo da aukera jolas-parkera igotzeko, baina ohiko txartela ordainduz.
Gauean, after ofizialera joateko, hau da, Egiako Gazteszenara bertaratzeko, autobus zerbitzu berezia jarriko dute. Easo kaleko 9. zenbakiaren paretik, bi autobus irtengo dira 10 minuturo Egiara.
2016 Gunean, gehiago
Kutxa Kultur Festibalaren harira, jarduera gehiago antolatu dituzte aurten hirian. Hala, 2016an Donostia Europako Kulturaren Hiriburua izango denez, Elkarrizketak izeneko atalaren barnean, jarduera bereziak eskainiko dituzte.
Hauek dira egitarauak aurreikusitako jarduerak: PlyNKids taldearen kontzertua, larunbatean, 12:00etan, Easo kaleko Donostia 2016 Gunean, doan; The Hot Sprockets pub-rock talde irlandarraren emanaldia, larunbatean, 13:30ean, Donostia 2016 Gunean, doan; tokiko eta atzerriko musikarien arteko elkarrizketak, igandean, 17:30ean, Dabadaba tabernan, Rafael Berrio eta House of Wolvesen eskutik; igandean ere, 10:00etan, Le Bukowkyn, Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertua; eta Tabakaleran, ireki aurreko kontzertu handia, 21:00etan, Mogwai taldearen eskutik.
Egitaraua
- Igeldo eta Egian
Irailak 4, ostirala. Jolas-parkean: Vetusta Morla, Angel Olsen, Ainara Lagardon, Angel Stanich, Anni B Sweet, Dotore, Eraul, Ghost Number & Hip tipsy gypsies, House of wolves, Los Bracco, Mendetz, Nimu, Pull my strings, Purr, Tremenda trementina. Gazteszenan: Der Panther, Trajano eta Nimu dj-ak.
Irailak 5, larunbata. Jolas-parkean: Yo la tengo, The Strypes, La habitación roja, Albert Cavalier, Ama, Arizona Baby, Black box red, Disco Bambinos, Havoc, John Grvy, Mishima, Mourn, Niña Coyote eta Chico Tornado, Novedades Carminha, Pet Fennec, Rafael Berrio, The hot sprockets, The young wait. Gazteszenan: The suicide of western culture, The Parrots, Havoc eta Disco Bambinos.