Steve McQueen eta Le Mans lasterketari buruzko film batekin hasiko da Savage Zinema saila
Abentura eta akziozko kirolei eskainitako Zinemaldiaren saila da Savage Cinema. Aurten Viktoria Eugenia Antzokian emango dio hasiera hirugarren ekitaldiari, irailaren 18an (ostirala), Steve McQueen: the Man & Le Mans dokumentalaren emanaldiarekin. Filmaren zuzendarietako batek aurkeztuko du; hain zuzen, John McKenna-k, dokumentala Canneseko zinema-jaialdian estreinatu zuenak.
Donostian izango dira, halaber, Rafa Ortiz eta Rush Sturges, Chasing Niagara-ren protagonista eta zuzendaria, hurrenez hurren. Kayaker batek Mexiko, AEBak eta Kanadan zehar egingo duen odisea kontatzen du filmak. Rafa Ortizek, Mexikon ikasi zuen arraunean, baina Kanadan perfekzionatu zuen bere teknika; 2005ean, Freestyleko Mundu Txapelketan lehiatzen zen lehen mexikarra bihurtu zen. Ur-jauzietako piraguista onenetakoa da nazioartean, eta Red Bull Chasing Waterfalls proiektuan parte hartu du; hain zuzen, ibaibide, ibai eta ur-jauzi ezezagunak aurkitzeko proiektu bat da.
Baita Guido Perrini eta Xavier De Le Rue ere izango dira Savage Zinema sailean, Degrees North proiektuko buru den goi mendiko freerider-a. Azkenik, Jon Herranz, Robert van Wingerden eta Victor van Vloten-ek osatzen dute Donostian izango diren zuzendarien zerrenda.
Amaiera-saioa irailaren 25ean izango da, Kursaalaren bigarren aretoan, non Michael Oblowitz-ek Heavy Water / The Life and Times of Nathan Fletcher aurkeztuko baitu. Agertoki ezin hobea, olatu handiko surfaren munduko bi pertsonaia karismadun horiek Donostian hartzeko. Oblowitzek akziozko filmak zuzendu ditu: The Foreigner eta Out for a Kill, esaterako (Steven Seagal da bietan protagonista). 2010ean, surfari buruzko Sea of Darkness dokumental ikonikoa zuzendu zuen.
Beste urtebetez Bilbao Mendi Film Festival jaialdiarekin hasitako lankidetzari eutsiko dio Donostia Zinemaldiak; helburua da urteko mendiko film prestigiotsuenak aurkeztea. Programazio osoa irailaren 12an kontsultatzeko aukera izango da. Sarrera-txartelak irailaren 13an jarriko dira salgai, www.sansebastianfestival.com webgunean.