'Donostiako jaien inguruan'
Donostiako Aste Nagusia zezenketak “janzteko” asmatua izan zen, ez ,ordea, donostiarrekin pentsatuta, Madriletik etortzen zirenekin eta geroxeago agertu ziren “touristekin” pentsatuta baizik.
Benetako jai herrikoiak ez egoteak ekarri zuen, adibidez, Piraten sorrera. Piraten fenomeno hau duela urte gutxi sortutakoa da. Euskal kultura bizi duten gazte donostiarrek sortua da eta aspaldiko hiriko jaietan eta ohituretan txertatzen da. Piratek antolatzen dituzten ospakizunak betidanik euren burua jauntxo direla uste duten boikotaren gainetik joan dira gorputza hartzen.
Gaur ere, euren hedabideekin, paperezkoekin, nahiz digitalekin, irratiekin, nahiz telebistarekin, futbol ikuskizunekin, nahiz festekin, jaiotzekin, nahiz zendu diren eskelekin kontrolatzen segitzen dute.
Hemen beste ikuskizun bat ere aipatu behar da. Ikuskizun honek 1813ko abuztuaren31n gertatu zen sarraskia gogorarazi nahi du. 1813ko abuztuan ingeles armadak, portugaldar soldaduekin eta beste mertzenario batzuekin batera Donostia suntsitu, jendea erail eta su eman zion hiriari. Armada hau espainiarren aliatua zen eta Napoleonen armadaren aurka borrokatu zen.
Aipatu ikuskizunak kutsu militarra du, eta danborradan oinarritzen da (badirudi beste modu batean egiten ez dakitela). Beste gauza batzuen artean ingelesak hiria konkistatzen irudikatzen da.
Jakina, konkistatu ondoren, frantses armadaren eskuetatik “askatu” ondoren espainiar armadari ematen diote hiria, eta bide batez, emakumeak zaharrak, nahiz gazteak bortxatu eta azkenik hiriari su eman eta desagerrarazi. Hau guztia, Wellintong-go dukearen aginduarekin, halaber, dirudienez, Castaños jeneralarenarekin ere bai, zeren eta herritar guztiak labanaz pasatzea eta Donostian ez zedila harriaren gainean harririk gelditu agindu baitzuen.
“Boletin de estudios historicos sobre S.S” 1992an bere 26.zenbakian Antonio Kortajarenak zioen Abuztuaren 31n 1928-1933 urteetan bertako hiritarrak, gehienak euskaldunak zirela, baina ordurako gazteen artean galtzen hasita zegoela,hiriaren suntsiketa pare bat eguneko jai herrikoiekin ospatzen zela, berbenak eginez, kalea argitxoekin eta banderatxoekin apaintzen zela eta:”Bonita forma de rememorar la gran tragedia de sus antepasados”. Eta gaur egunekoa ikusten dugunean, menpekotasunak muga guztiak gainditzen ditu. Izan ere, batzuk ez dira berbena soilarekin asetzen.
Gaur, mertzenario su-emailez jantzitako danborreroz ospatzen dute, alegia, parafernalia militar guztiarekin osatutako ikuskizuna egiten dute, zenbat eta handiagoa eta zaratatsuagoa orduan eta barregarriago eta groteskoagoa.
Gure herriaren historiari buruz, euskarari berari buruz inongo izpiritu kritikorik gabekoa den bideratutako ezjakintasunarekin. Gure gizartearen errealitate argia da. Eta kultura txipiroiak plantxan, tortilla pintxoak eta futbolarien ostikoekin nahasten da.
Donostia ikuskizun hiria bilakatzen ari dela ikusteak tristura eta nahigabea eragiten ditu. Antza denez, 2016 kulturaren hiriburua izango da. Hori horrela delako ez gara gehiago dibertituko, aldiz, seguru asko, oraindik ere garestiago izango den hirian biziko gara.
Jadanik, XIX. mendearen amaieran, 1890ean Benito Jamar herrikosemeak zioen: “Nosotros haciamos tonterias para divertirnos; los tontos de hoy las hacen para divertir a los demas”.
Josu Tellabide, etnologoa