Irailaren 26an hasiko da Miramongo matineen denboraldi berria
KUP ahots taldeak eta Kaabestri ganbera taldeak Bach-en piezak interpretatuko dituzte.
KUP ahots taldeak eta Kaabestri ganbera taldeak J.S. Bachen kantatara hurbilduko ditu musika zaleak, hauetako lau interpretatuz. 2003 urtean Grabriel Baltes-en zuzendaritzapean sortutako KUP ahots taldeak Miren Urbieta sopranoa, Marta Infante mezzoa, Xabier Anduaga tenorea eta Mikel Zabala baxua izango ditu lagun errepertorio zail honi aurre egiterakoan.
Atal instrumentalari dagokionez, ardura Euskadiko Orkestrako hainbat kidek osatutako Kaabestri taldearena izango da. Guztiek elkarrekin Miramongo Matineen denboraldiari hasiera bikaina emango dion proiektua aurkeztuko dute.
Miramongo Matineeak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek musika sinfonikoaz at dauden errepertorioak jorratzen dituzten programak diseinatu ditzaten sortutako bilaketa eta hausnarketarako espazioa dira funtsean. Gainera, bestelako egitarauak aurkezteko etengabeko ahaleginean, oso garrantzizkoa bihurtu da beste erakunde artistikoekin lankidetza, hortik sortzen baita eskaintza beste diziplinetara zabaldu eta abesbatza-emanaldiak, esaterako KUP Taldearekin, edo Dantzaz Konpainiarekin elkarlanean, zuzeneko musika zein dantza uztartzen dituen ekoizpenak burutzeko aukera. Denboraldi berrian 16 emanaldi izango dira, larunbatetan goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.
Abonuak jada salgai daude. 16 kontzertuetarako abonuak 83,50 euroko prezioa du eta 64 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat eta jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo www.euskadikoorkestra.eus webguneko Abonatuak profilean dagoen inprimakia bidaliz. Sarrera solteak, berriz, irailaren 10ean jarriko dira salgai, 7 euroko prezio bakarrean, www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira. Miramonera autobusez doan joateko aukera dago. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.