Frankistek hildako herritarrak omenduko dituzte larunbatean
Frankismoaren Genozidioaren Biktimen Elkarteak "egia, justizia, aitortza eta kalte-ordaina" aldarrikatu du.
Donostiako Frankismoaren Genozidioaren Biktimen Elkarteak urtero egin ohi duen moduan, 1936ko gerran fusilatutako donostiarrak omenduko ditu. Larunbat honetan izango da ekitaldia (12:30), Goikoa Jauregiaren aurrean dagoen oroigarrian.
1936ko irailaren 13an Errepublikaren kontra altxatako armada Donostian sartu zen. Ia 400 pertsona hil eta desagertuarazi zituzten frankistek. Biktimen omenezko eskulturan banan bana jarrita daude errepresaliatuen izen abizenak, eta bertan, besteak beste, lore eskaintza bat egingo zaie.
“Egia, Justizia, aitortza eta kalte-ordaina aldarrikatuko dugu; izan ere, egun Estatu espainiarrak ukatzen dizkigu, eta Argentinako justiziarengana edo Nazio Batuen Erakundearengana jo behar dugu gure eskubideak egikaritzeko”, adierazi du elkarteak.
Argentinako justiziak frankismoaren krimenak genozidiotzat jo ditu, eta elkartearen ustez beharrezkoa da Egiari buruzko Batzorde bat sortzea krimen hauek argitzeko. 1977ko Aministiaren Legea indargabetzeko eskatu dute, “genoziden inpunitatea bermatzen duelako”. Azkenik azpimarratu dute frankismoaren biktimen memoria defendatzea beharrezkoa dela, eta militar faxisten kontra borrokatu zuten pertsona eta erakundeen balore kultural eta ideologikoak babestu eta iraunarazi behar direla.