Bagerak eta hiriko euskaltegiek hitzarmen bat sinatu dute bosgarren urtez, ikasleak mintzapraktiraka bideratzeko
Euskaltegietako eta Bagerako ordezkariak, hitzarmena sinatu aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskara ikasten ari direnek aurten ere aukera ederra izango dute hizkuntza praktikatzeko. Izan ere,
Mintzalaguna jarduera eskainiko du ikasturte berriari begira
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzendua dago, eta aldi berean, haiei laguntzeko prest dauden mintza laguntzaileak ere behar dituzte. Urriaren 1etik 25era egongo da Mintzalagunerako izena emateko aukera; Bagera elkartearen egoitzan bertan eta elkartearen
webgunean. Hala, jarduera bultzatzeko, hiriko euskaltegiekin akordio bat sinatu du bosgarren urtez Bagerak. Zehazki, lankidetza akordioaren bitartez, ikasleak Mintzalaguna programara bideratzeko konpromisoa hartu dute honako zazpi eragileek: AEK, Altza-Urumea, Ilazki, Legazpi 6, Hitzez eta Urrats euskaltegiek eta Hizkuntza Eskola Ofizialak.
Ikasleek parte hartu ahal izateko, gutxienez, euskaltegietako 6. urratsa izan behar dute; mintza laguntzaile izateko, berriz, nahikoa da euskaraz erraz egitea.
Jarraipen batzordea
“Helburua argia da, Mintzalaguna jarduera bera bultzatzea. Aurtengo berrikuntza izango da jarraipen batzorde bat osatuko dugula, eta ikasturtean zehar bilduko garela. Behin taldeak osatu ondoren, jarraipena egingo dugu horrela. Partaide guztiei horren berri emango zaie, eta zalantzei aurre egiteko euskaltegien aholkua jasoko dugu, eta guretzako beraien ekarpena oso garrantzitsua da”, azaldu du Bagerako Aitziber Gurutzeagak. Aurten gainera, euskaltegietan sartuko dira, eta gelaz gela azalduko dute zer den Mintzalaguna.
Euskaraz hitz egiteko ohitura duren lagunak, hitz egiteko ohiura ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da Mintzalaguna. Asten behin gutxienez ordubetez biltzen dira, norberaren ordutegira egokituta, kafe bat hartuz, paseatuz… Gainera, hilean behin, jarduera bana antolatzen dute, mintzalagun taldeak elkarren artean ezagutzeko. Azken batean, euskaraz aritzeko eta Donostiako euskaldunen sarea handitzea da helburu nagusia.
Informazio gehiagorako:
mintzalaguna@bagera.eus posta elektronikora idatziz eta 943 005 074 telefonora deituz.