Ostiralean zabalduko ditu ateak Tabakalerak, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bihurtuta. 2011. urtean hasi ziren antzinako tabako fabrika zaharberritzeko lanak, eta orain, lanak bukatuta, kultur proiektuaren espazioak irekitzen hasiko da era mailakatuan. Tabakalera kultur proiektuaz gain, beste zenbait erakunde eta egitasmo pribatu ere hartuko ditu: kafetegi bat, jatetxe bat eta hotel bat ere izango ditu, besteak beste.
Gaur eguerdian hedabideentzako bisita gidatua egin dute eta eraikin berrituaren hainbat atal erakutsi dituzte. Tabakaleraren sarrera berrian hasi da bisita, Egiako pasabidearen aldean. Bertatik “mugimendu handiena izango duten espazioetan, 0. eta 1. solairuetan” zer egongo den azaldu du Ane Rodriguez zuzendariak: “Hemen daude erakusketa aretoak eta kontsumorako espazioak. Zerogarren solairuan kafetegia egongo da, kultur iniziatiba txiki batzuekin. Salmenta puntu bat ere izango dute”. Plaza izena darama espazio publiko honek. Tabakaleraren sotoa izandako espazioan proiektu berezi bat izango da ikusgai, tabako fabrika zaharrarekin lotura duena. Areto honetan hasten ziren lanean fabrikako langile hasiberriak, tabakoa apurtzen. Hain zuzen, fabrikako langile ohi batzuekin eta aktore batzuekin tabako fabrikaren historiarekin lotutako film bat egin dute, eta atalka emango dute areto honetan. Hilabetero atal bana proiektatuko dute.
Lehen solairuan Tabakaleraren erakusketa aretoa dago, baita zinema aretoa eta erabilera anitzetako Z aretoa. Zinema aretoak berrehundik gora eserleku ditu eta asteazkenetik igandera programazioa izango du. Aurtengo Zinemaldiko Zabaltegi saileko filmak bertan ikusi ahal izango dira. Kutxak musika eta arterako dituen espazio bana ere hemen daude kokatuta.
Bigarren solairuan Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren bulegoak daude. Filmategiak bertan emango ditu ikertzaileentzako baliabide eta zerbitzuak. Eta Ubik ere bertan izango da, Tabakaleraren sorkuntza liburutegia da eta abendurako irekiko ditu ateak. Arte garaikidean dago espezializatua eta hiritar guztiei irekia egongo da.
Hirugarren solairuan Tabakaleraren aretoak daude. Ekoizpenera eskainitako espazioak dira, artistentzako eginak: “azken finean artistentzako lantegi bat ere baita Tabakalera”. Hirikilabs ere bertan kokatuko da. Donostia 2016ren egoitzan hasi zuen ibilbidea Hirikilabsek, eta orain irekiera berriarekin Tabakalerara joan dira, baita Etxepare Euskal Institutua.
Laugarren solairuan Kutxaren espazioak eta programak daude. Zabaltzan ekitaldiak egingo dira, baina udara begira gehiago. Azken solairuan, bosgarren pisuan, prisma dago. Espazio honen bi heren jatetxerako izango dira, eta beste guztia espazio publikoa izango da. Rodriguezek azaldu du edonor sar daitekeela Tabakaleran eraikina irekita dagoen bitartean. Asteburuan ordutegi malguagoa izango duela adierazi du, baina printzipioz 08:00etatik 22:00etara izango da zabalik.
Irekiera ekitaldia Tabakaleraren historian “egun garrantzitsua” izango dela esan du Rodriguezek: “Badira hainbat urte Tabakaleraren ideia abian jarri zela. Jende askok parte hartu du prozesu honetan, eta guztien esfortzuari esker errealitate bihurtu da. Irekiera publiko bat da eta gogo asko daukagu eraikina erakusteko, eta batez ere edukia erakusteko. “Jakinminez” Tabakalerara etortzeko gonbitea egin die herritarrei.
Irekiera festa
Tabakalera berrituaren inaugurazioa ospatzeko, makina bat jarduera antolatu dituzte astebururako: performanceak eraikineko espazio desberdinetan, artista gonbidatuak, musika emanaldiak, erakusketak, bisitak, lantegiak eta proiekzioak, besteak beste. Ostiral arratsaldean irekiko ditu ateak, 18:00etan, eta sarrera librea izango da. Pottors ta Klito taldearen kontzertuarekin hasiko da inaugurazioa. Ondoren, Ane Rodriguez zuzendariak irekiera ekitaldia egingo du artista gonbidatu eta komisarioekin. Eta 19:00etan Tabakaleraren lehen erakusketa zabalduko dute: Ikus-entzunezkoaren aldiriak:Ingurua marrazten duten puntuak, Anna Manubens eta Soledad Gutierrez komisarioekin. Festa 21:00etan hasiko da musikaren erritmoan, Chico Tropico eta Amy Plin-ekin.
Larunbatean, 19:00etan, zinema aretoa irekiko dute. Ivan Zulueta donostiarraren Un, dos, tres, al escondite ingles (1969) filma emango dute (emanaldian sartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da Tabakaleraren webgunean). Egun osoan zehar tailerrak, performanceak eta bisita gidatuak egingo dituzte eraikinean. Igandean, 17:00etatik 19:00etara, haur eta familientzako askotariko tailerrak egingo dituzte: arkitektura, gorputza eta mugimendua eta Tabakalerako irudiekin lotutakoak. Eta 11:00etan familientzat goizeko zinema saioa egingo dute. Arratsaldean, 19:00etan, ustekabeko film bat proiektatuko dute. Alex Mendizabal artista donostiarraren soinu instalazio bat ere izango da ikusgai.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea