Bost traineru daude hiru segundoren tartean. Gizonezkoetan, Hondarribiak abantailarekin ekingo dio igande erabakigarriari, 50 urte geroago; emakumezkoetan, San Juan dago aurretik.
Hondarribiko arraunlariak, berotzen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia zirraragarria izango da. Hiru segundotan bost traineru daude, eta bostek amesten igaro dute astea, euren zaleekin batera.
Igandean uretara irtetzen lehenak emakumeak izango dira, 11:00etan. San Juanek iazko garaipena defendatuko du, lehen jardunaldian lortutako alde txikia lagun. Hibaika 2,14 segundora du; eta Zumaia, 3 segundora. Gizonezkoak irtengo dira ondoren, 12:00etan. Ohorezko txandan erabakiko da Hondarribiak herriko jaiak luzatuko dituen edo Bermeok bigarren urtez jarraian bandera etxeratuko ote duen. 1,92 segundoren aldea dago bi ontzien artean, Ama Guadalupekoaren alde. Segundoak bakarrik ez, ehunenekoak ere garrantzitsuak izango dira. Gehiago eska al daiteke?
San Juan, atzetik aurrera
Iazko txapelduna da San Juan, emakumezkoei dagokienez, baina ez zen faborito bakarra lehen jardunaldia hasi aurretik. Zumaiarekin partekatzen zuen izendapen hori, Euskotren Ligako bandera guztiak bereganatu baitituzte elkarren artean, bat izan ezik. Abuztuaren 22az geroztik lehiarik jokatu gabe zeuden emakumeak, Colindresen izan baitzuten azken estropada.
Horregatik, agian, San Juanek ez zituen sentsasio onenak erakutsi sailkatze estropadan. Laugarren postuan amaitu zuen, zumaiarrekiko ia 20 segundora. Joan den igandean, ordea, bueltan direla erakutsi zuten, eta orain faborito dira, lehen kolpea eman baitzuten igandean, atzetik aurrera arraun egin eta gero. Lortutako aldea ez da erabakigarria, baina bada zerbait. Hala ere, segundoak baino gehiago, sentsasioak izan ziren garrantzitsuagoak lehen jardunaldian. Zalantza guztiak, behintzat, uxatu zituzten arroxek. Azken txanpa ikusgarria egin zuten, indar handia dutela erakutsiz.
Hibaika, konfiantza oinarri
Oarsoaldetik dator ezustea; Errenteria-Oreretatik, hain zuzen ere. Hibaikak sekulako estropada egin zuen igandean, faborito nagusienen pare. Are eta gehiago, Zumaia ahalguztidunaren aurretik sailkatu zen, eta eurak dira orain bigarren, San Juanekiko 2,14 segundora. Ikusi beharra dago orain nola egingo dioten aurre egoerari, errazagoa izaten baita itzalean egotea, leku horretatik emaitza on bat ezustean lortzeko.
Konfiantza, behintzat, ez zaie falta: «Bi segundoren aldea izatea gustatuko litzaiguke, baina ez da alde handia eta saiatuko gara irabazten. Dena ematera irten gara, bagenekien ondo eginez gero aurrean egongo ginela. Gainontzekoek faborito gisa jarri ez diguten arren, bagenekien hor egon gintezkela», adierazi zuen Hibaikako patroi Alaia Uribelarreak, lehen igandeko lanak amaituta.
Zumaia, itsasoari begira
Sailkatze estropadan aho zabalik utzi zituen arraunzaleak, gainontzeko traineruak lekutan utzi eta gero. Asmo berarekin irten zen lehen jardunaldian, eta aurretik hartu zuen ziaboga, baina itzulerakoan San Juan eta Hibaika etorri zitzaizkion gainera.
Kolpe gogorra izan zen duela bi urteko txapeldunarentzat, 3 segundora baitago orain San Juanekiko, hirugarren postuan. Konfiantza pixka bat galdu du bere aurkariekin alderatuta, baina ez du etsiko.
Itsasoari dei egin diote zumaiarrek, egoera goitik behera aldatzeko: «San Juan aurretik doa, baina bizirik gaude. Espero dezagun itsasoa pixka bat mugitzea, aldeak handiagoak izan daitezen, eta euren bila irtetzeko», esan du Zumaiako entrenatzaile Kike Manterolak.
Hondarribia, faborito
Kirolean burua erabakigarria izan ohi da, indarrak parekatuak daudenean batez ere. Hain zuzen ere, horregatik beragatik izan zen horren garrantzitsua Hondarribiaren garaipena gizonezkoen lehen jardunaldian, lortutako ia bi segundoren gainetik.
Denboraldian zehar nagusi izan da
Ama Guadalupekoa , San Miguel Ligan erakustaldi bat baino gehiago erdietsita. Kontxako Banderaren sailkatze estropadan, Bermeok buruaren borroka bereganatzeko aukera paregabea izan zuen, eta bazirudien azkarrena izanik urrats bat egin zuela bide horretan; baina, joan den igandean, denborek balio zutenean, bidasoarrek lehen kolpea eman zuten mahai gainean, bizkaitarren saiakera zapuztuta.
Txanda berdinean lehiatuko dira orain, sailkatze estropadaren erlojupekoan eta lehen jardunaldian ez bezala. Hondarribia aurretik jartzen saiatuko da hasieratik, ekimena ez galtzeko. Izan ere, gakoa hor egon daitekeela jakin badaki; borroka psikologikoan, alegia. Bigarren jardunaldia abantailarekin abiatu zuen azken aldia duela mende erdi izan zen,
Ama Guadalupekoaren garai oparoenean. Burua behin hartuta, ez du inolaz ere utzi nahi Hondarribiak.
Bermeo, Lekeitio gogoan
Bermeo jakitun da 1,92 segundoko aldea ez dela inolaz ere erabakigarria, baina aurrean Hondarribia izateak zalantzak sortzen ditu. Zerbaitegatik izan dira berdeak nagusi San Miguel Ligan. Horregatik, garaipenean sinesteko aurrekariak behar dituzte, ereduak. Hori dela-eta, Euskadiko Txapelketaren adibideari heltzea ondo etorriko zaie bizkaitarrei.
Uztailaren bukaeran jokatu zuten txapelketa Lekeition, eta Hondarribia garaitu zuten orduan, 3,26 segundoren aldearekin, olatu artean. Emaitza errepikatuz gero, Kontxa bereganatuko lukete. Aurrekari bat besterik ez da, baina gogoratzeak konfiantza emango die.
Zirrikitu gehiago bilatu dituzte garaipenean sinesteko, eta txanda berean aurrez aurre egotea euren alde jokatu dezakeela uste dute bizkaitarrek: «Dena dago erabakitzeko. Estropada on bat egin dugu, baina, aurkariaren erreferentzia duzunean, beti zer edo zer gehiago estutzeko agintzen duzu. Atera dizkiguten bi segundoak horrela ulertzen dira; gure denbora jakin ondoren atera izanaren ondorio dira bi segundo horiek», azaldu zuen Urdaibaiko presidente Agustin Aranburuk, lehen jardunaldia amaitu bezain pronto.
Gainontzekoak, gogo biziz
Gainontzeko traineruak garaipenaren lehiatik urrun daude, baina horregatik ez da haien lana amaitu, ezta gutxiagorik ere. Kontxako badian arraun egitea erakusleiho bikaina da, eta lehen jardunaldian egindakoarekin ez dira konformatuko.
Emakumezkoetan, laugarren postua hobetzea zaila izango du Oriok, baina, ezer galtzeko ez duenez, aurrekoak zirikatzeko helburuarekin irtengo da badiara, lasaitasun osoarekin. Txanda bakarra dago maila honetan, eta horrek hutsetik hasteko aukera emango dio, gozatzeko, etxera zapore onarekin itzultzeko. Lehen jardunaldian, San Juanekiko 13 segundora sailkatu ziren horiak.
Gizonezkoetan, ohorezko txandan irtengo dira Orio eta Kaiku; kasu honetan, ordea, biek badute zer borrokatu. Hondarribiarekiko 14 eta 15 segundora geratu ziren, hurrenez hurren, baina euren artean segundo bakar bateko aldea dago. Hirugarren postua ez da sari makala. Horrenbestez, bandera jokoan izango balute bezala irtengo dira, amorru biziz.
Gizonezkoen beste txandan, Tiran eta San Pedro berriro menderatzea izango du xede San Juanek; barru-barruan, txanda batetik bestera itsasoaren baldintzak okertzearekin amets egingo zuten honezkero arroxek, aurrekoengana hurbiltzeko, edozer baita posible Kontxan.
Donostiarra, lehiakor
Etxeko trainerua da Donostiarra, eta borroka entzutetsu eta mediatikoen alboan, pixkanaka-pixkanaka goruntz ari da. KAE-1 Ligan hiru bandera eskuratu ditu aurtengo denboraldian, eta Kontxan, klub handienetatik urrun dagoela jakitun, bere buruari jarri dio erronka: 20 minutuko muga jaistea, hain zuzen ere. Itsasoa bare egotea beharko dute.
Zazpigarren postua gertu izatea zuen helburu lehen jardunaldia hasi aurretik, baina errealitateak dio oraindik ez dela horretarako momentua iritsi.
Hala ere, bandera jokoan duten traineruak bezain motibatua irtengo da, Donostiarrarentzat Kontxako badian arraun egitea sari bat baino gehiago delako. «Bigarren igandean, beste aurkari batzuk aurrean izanda, gure helburua lehiakorragoak izatea izango da», aurreratu zuen Donostiarrako entrenatzaile Xabier Zabalak, lehen jardunaldia bukatuta.