Igandean kalejira egingo dute Parte Zaharretik Kortxoeneara, eta bertan kontzertua emango du Fermin Muguruzak.
Joan den ostiralean egindako manifestazioa. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kortxonea bizirik leloa Erdialdeko kaleetara eramango dute larunbatean, Groseko gaztetxearen aldeko
manifestazioarekin. Protesta 17:30ean abiatuko dute, Bulebarretik. Astebururako makina bat jarduera prestatu dituzte. Igandean kalejiran joango dira Parte Zaharretik Kortxoeneara (15:00), eta gaztetxean
Fermin Muguruzak kontzertua emango du
Bad Sound Systemekin (17:00).
Kortxoenea eraisteko lanei ekin zieten joan den ostiralean, baina, azkenean, obrak behin behinean geratu behar izan zituen udalak. Orduz geroztik, eraiste arriskuaren aurrean, gaztetxera joan eta egunero prestatu dituzten jardueratan parte hartzera deitu dituzte herritarrak;
Kortxoenea defendatzeko abiatutako 24 orduko dinamikaren baitan, hain zuzen ere.
Kortxoenea eraisteko lanak ostiralean hasi zituzten, goizean goiz. Asmo horrekin hondeamakinak iritsi ziren gaztetxera, eta eraikinaren ingurua zulatzen hasi ziren. Jendea bildu zen gaztetxearen inguruan, eta Ertzaintzak hesia egin zuen inor igaro ez zedin.
Udalak uztailaren 14an eman zion orubearen jabeari eraikina eraisteko baimena, baina ez zuten hesirik eta segurtasun neurririk egokitu lanak gauzatzeko. Era berean, kaleratze baimenik ere ez zuten bideratu, eraikina biziberritu dutenen eskubideak bermatu gabe. Hauek ostiralean bertan izan zuten eraistearen lehen berria, eta horregatik ezin izan zuten barrualdea hustu. Horregatik guztiagatik, salaketa jarri zuen epaitegian gaztetxeko abokatuak.
Ordu batzuk geroago, Hirigintzak agindu zuen behin behinean gelditzea Kortxoenea eraikinaren eraistea, «behin ikusita obraren segurtasuna bermatzeko hainbat baldintza betetzen ez direla».
Bost urteko ibilbidea
Kortxoenea alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzea ahalbidetzen duen gune aske, autogestionatu eta asanblearioa da. Bost urte bete ditu aurten, hutsik zegoen eraikina edukiz betetzeko erabaki zutenetik.
Gaztetxekoek bizirik nahi dute Kortxoenea, eta iragarri dute lanean jarraituko dutela, «bost urtez hamaika talde eta eragileren habia» izan den eraikina babesteko: «Ilusioz eta konpromisoz, edozein amets gauzagarria dela erakutsiko dugu».
Bizilagunek ohartarazi zieten eraikina botatzeko zenbait langile bertaratu zirela, ostiralean: «Guztiz legez kanpokoa izan zen Kortxoenea eraisteko ahalegina. Gurekin, erakinaren erabiltzaileekin inolako hartu emanik izan gabe etorri, eta guztia suntsitzen hasi ziren. Argi geratu zen beraien asmoa, baimenik gabe eraikina botatzen hasi egoerak atzera bueltarik izan ez zezan, eta horrekin prozedura guztia azkartu. Baina herritarrei esker, ez zitzaien jokaldia nahi bezala atera». Iluntzean berriz okupatu zuten Kortxoenea, eta asteburuan auzolanean berreraikitzen hasi ziren eraikina.
Kortxoenea suntsitu nahi izatea egotzi diote udalari: «Udal gobernuak proiektu autogestionatuekiko jarrera erakutsi zigun ostiralean. Udaltzaingoa eraikuntza enpresa baten segurtasun pribatu funtzioak betetzen ikusi genuen. Udaleko prozedura burokratikoa arindu eta baimenak eman; hori izan da udalaren jarrera, hain justu».
Iragarri dute, udalak agertutako jarreraren ondotik, bukatutzat eman dituztela elkarrizketa oro: «Ez gaude prest Kortxoenea bezalako proiektu bat suntsitzea helburu duen inorekin harremanik izateko. Kultur hiriburutza denen ahotan dagoen honetan, hau da agintariek bilatzen duten hiri eredua. Kultura pribatizatu, eta proiektu herritarrak suntsitu».