Kapitalik gabeko kultura aldarrikatu dute Kortxoenearen aldeko manifestazioan
Bulebarretik Grosera ehunka lagun abiatu dira 18:00etan, txaranga, zanpantzar eta mozorroekin.
Festa giroa nagusitu da Kortxoenea gaztetxearen aldeko arratsaldeko manifestazioan. Bulebarrean elkartzen joan dira denak, eta 18:00etan martxan jarri da ibilaldia; ehunka lagunek parte hartu dute Groseko gaztetxearen aldeko manifestazioan; zanpazar erraldoiek ireki dute bidea, eta txarangak alaitu ditu hiriko kaleak. Atzean, mozorro anitz ikusi dira: herensugeak, turistak, ertzainak… martxa ixteko kontzertu ibiltari bat ere jarri dute.
Mozorro festa galanta antolatu dute, eta hiriko kaleetan ibili dira musika eta dantzarako deia zabalduz. Kortxoenea bizirik mantentzearen aldeko leloak entzun dira ibilaldi guztian zehar; “Auzo bat, gaztetxe bat”, “Hau bada kultura kapitala”, “Autogestioa, okupazioa” eta “Etxe hutsean hutsunerik ez” bezalako esaldiak bota dituzte manifestazioan bildutakoek. Kukutzaren aldeko leloak ere entzun dira ibilaldian.
Ordubete inguru iraun du aldarrikapen festak. Grosera sartuta, bizilagunen txaloak entzun dira, gaztetxera hurbiltzen joan diren bitartean. 19:00etan inguru iritsi da jende-olatua Kortxoeneara, eta bertan gaztetxea bizirik mantentzeko eskaera aireratu dute: “Kapitalik gabeko kultura ordezkatzen du Kortxoeneak; gunea hau gaztetxea baino askoz gehiago ere bada, autogestioan oinarritutako proiektu kulturala delako”.
Aste guztian zehar jarduerak antolatu dituztela gogoratu dute, eta asteburuan ere kontzertuak, tailerrak eta ekimen ugari egingo direla aldarrikatu: “Etengabeko dinamika jarri dugu martxan, Kortxoenea bizirik dagoela argi uzteko. Datozen egunetan ere, guztioi luzatzen dizuego hona etortzeko deia, txandaka, une oro mugimendua egon dadin”.
Udalaren eta Donostia 2016ren aurkako hitzak ere izan dira: “Ironikoa da diru kopuru erraldoiak dituzten Donostia 2016 eta Tabakalera proiektuak ateak irekitzea, eta aldi berean Kortxoeneari ateak itxi nahi izana; horrek erakusten du zein den babestu nahi duten eredua”. Aldarrikapenak amaituta, festak eztanda egin du kalean, zuzeneko kontzertuekin. Bihar ere, egitarau oparoa antolatu dute Kortxoenean; hemen ikus daiteke egitaraua.