Reala eta Athleticen arteko gizonezkoen futbol partidarekin bat eginez, VI. Bertso Derbia egingo dute, Antzoki Zaharrean.
Antolatzaileak eta bertsolariak, aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eragin buruari! lelopean egingo dute VI. Bertso Derbia. Realak eta Athleticek Anoetan ligako partida jokatuko dute irailaren 27an, arratsaldean. Oholtza gaineko lehia, ordea, norgehiagokaren aurretik izango da, 12:30ean, Antzoki Zaharrean. Sei bertsolarik parte hartuko dute saio berezian: Andoni Egaña, Amaia Agirre eta Amets Arzallus arituko dira Reala ordezkatuz; eta Jon Maia, Iratxe Ibarra eta Fredi Paia, berriz, Athleticen ordezkari. “Burua jarri nahian, pike sanoari”, abestu du Agirrek gaurko aurkezpenean. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan, Fernando Anbustegi bertsolari nafarra arituko da, lehen aldiz.
Saioa doakoa izango da, baina aurretik gonbidapenak lortu behar dira. Realaren bi dendetan hartu daitezke gonbidapenak (Erdialdean eta Anoetan), baita Donostia Kulturaren txarteldegietan ere. Hain jutxtu ere datorren astean izango da Bertso Derbia, Zinemaldia bukatzean. Hala, izar batzuk beste batzuengatik ordezkatuko dituztela esan du Realeko Joseba Ibarburuk.
Real Sociedad Fundazioak eta Athletic Club Fundazioak antolatu dute Bertso Derbia, Donostia Kulturaren eta Usandizaga Institutuaren laguntzarekin. Azken batean, kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egiten dutela diote: “Zaleek kalean sortzen duten festa giroan barneratuko da goizetik hitzaren jaia”. Hala, Bertso Derbia, gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina dela azpimarratu dute. “Taldeen arteko lehiatik haratago, kirolak eta kulturak batu egiten gaituela sinetsita gaude. Horrez gain, gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du”, diote arduradunek.
Usandizagako Diseinu Grafiko zikloko Jone Iruretagoiena ikasleak egin du aurtengo Bertso Derbirako irudia. Bertan bi txapel ageri dira, bata gorria eta bestea urdina. Baloiaren lekuan bertsolariek hitza erabiliko dute oholtza gainean, baina guztiek burua argi behar izaten dute; hortik aurtengo leloa:
Eragin buruari!
BERTSO DERBIA
- Noiz. Irailak 27, igandea, 12:30ean.
- Non. Antzoki Zaharrean.
- Sarrera. Doan, gonbidapenak lortu behar dira.
- Bertsolariak. Reala: Andoni Egaña, Amaia Agirre eta Amets Arzallus. Athletic: Jon Maia, Iratxe Ibarra eta Fredi Paia.