Alkatetza berriak 100 egun beteko ditu astelehenean.
Josu Ruiz, Amaia Almirall eta Axier Jaka, Bilduko zinegotziak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu berriaren lehen balorazio orokorra egin du Bilduk. Amaia Almirall bozeramaile abertzalearen esanetan, “
aurrez ereindako uzta jasotzen ari dira orain, baina ez dute aitortzarik egiten”. Tabakaleraren kasuari egin dio erreferentzia Almirallek, eta Egiako bidegorria, Lorategi Hiria edo bizikleten geltokiak ere aipatu ditu.
Bilduren arabera,
politika egiteko eredu atzerakoiak eta eskubikoak berreskuratu ditu udal gobernuak. Bereziki larritzat jo dute parte hartzean eta informazio gardentasunean eman duten atzerapausoa. “Donostian bi alkate daudela dirudi, eta biak lehian dabiltza komunikabideetan gehien ateratzeko”, esan du zinegotziak.
Bestalde, hauteskundeen emaitzen ondoren adierazi zuten moduan “zorrotz eta arduraz” egingo dutela lan oposizioan gaineratu du Almirallek; “eskua luzatuko geniela esan genuen baina momentuz ez dugu bosteko hori emateko aukerarik izan”, esan du.