Biltzarren kopurua handitzea eta jarduera ekonomikoa sendotzea adostu du Udalak Eusko Jaurlaritzarekin
Arantxa Tapia eta Eneko Goia atzo bildu ziren bi erakundeen arteko harremana berrikusteko.
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hiriko enpresa sarea Euskadiko industria estrategian txertatu eta erakunde arteko koordinazioa sendotu nahi dute. Helburu horretara heltzeko bildu ziren atzo Gasteizen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia eta Donostiako alkate Eneko Goia.
Ekonomia sailaren eskumenak kontuan hartuta, hainbat gai izan zituzten hizpide, guztiak ere Donostiako ekoizpen-ekonomiari, lehiakortasuna hobetzeari eta enplegua sortzeko aukerei buruzkoak.
Hartutako erabakien artean, Donostiako enpresa sarearen eta Euskadiko industria eta teknologia-estrategiaren arteko lotura handitzeko hartutako konpromisoa azpimarratu dute.
Enpresen nazioartekotzearen arloan, Tapia eta Goia ados agertu dira eta gazteen prestakuntzan elkarlanean jarraituko dute, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Global Training bekak direla medio. Horrela, Donostiako Sustapena arduratuko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen dituen 370 beketatik 60 kudeatzeaz.
Horrez gain, Donostiaren potentzialtasun turistikoei etekin ateratzea adostu dute, hiriko ostalaritzan eta merkataritzan ekonomia suspertzeko. Horretarako, bi erakundeek eta Donostiako Hiriko Merkataritza Plataformak 2013an sinatu zuten hitzarmenean ezarritako merkataritza estrategiaren garapenari bultzada emateko konpromisoa hartu dute.
Bileran, Eneko Goia alkateak kezka adierazi dio sailburuari, aholkularitza enpresa batek Donostiako Bulego Estrategikoarentzat egindako txosten baten ondorioetan salatzen denez, Eusko Jaurlaritzak bilera eta ekitaldi gehiago antolatzen dituelako gainerako hiriburuetan Donostian baino.
Jaurlaritza ez dator bat, baina erakunde arteko estrategia sendotzea beharrezkoa den aztertzea adostu dute. Era horretan, inguruan onura ekonomikoa eragingo duten kongresu eta ekitaldi profesional berriak erakarri nahi dituzte, eta egungoak beste norabait aldatzea ekidin. Horrela, Donostia, aberastasuna eragin dezaketen ekitaldiak hartzeko hiri eredu gisa hedatzearen garrantzia azpimarratu dute.